Mundua -

Koronabirusa

Italian 880 kutsadura berri atzeman dituzte, kopururik txikiena martxoaren 10etik

Azken 24 orduetan, gainera, 1.555 lagun sendatu dira; COVID-19 gaitzaren pandemia hasi zenetik, bigarren daturik altuena da.

Kasu berrien kopuruak behera egin du Italian. Argazkia: EFE.
Kasu berrien kopuruak behera egin du Italian
Kasu berrien kopuruak behera egin du Italian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italian, azken egunean, COVID-19ko 880 kutsadura berri atzeman dituzte, hau da, kopururik txikiena martxoaren 10etik. Halaber, 1.555 lagun sendatu dira; pandemia hasi zenetik, bigarren daturik altuena da, Angelo Borrelli Babes Zibileko nagusiak nabarmendu duenez.

Eguneroko prentsaurrekoan Borrellik adierazi duenez, datuek baieztatu dute azken egunetako joera, alegia, kutsadura-kasuak behera egiten ari direla. Astelehenean, 1.941 kutsadura berri izan ziren; asteartean,aldiz, erdia baino gutxiago izan dira. Guztira, herrialdean 135.586 kasu atzeman dituzte.

Hildakoei dagokienez, 604 lagun zendu dira, aurreko egunetako ildotik; ondorioz, 17.000 hildakoen muga gainditu da, 17.127 hildakorekin hain zuzen ere.

Bestalde, 1.555 gaixori eman diete alta azken egunean; pandemia hasi zenetik, "bigarren kopururik altuena". Martxoaren 30ean 1.590 lagun osatu ziren, eta egun horrek du orain arteko marka. Oraingoz, 24.392 lagun osatu dira Italian, COVID-19 gaixotasuna gaindituta.

Borrellik azpimarratu du gaixo gutxiago daudela ospitaleratuta, bai eta Zainketa Intentsiboetako Unitateetan ere. Hala, azken horietan 106 paziente gutxiago daude; 3.792 herritar, guztira. 28.718 lagun daude ospitaleetan, hau da, aurreko egunean baino 258 gutxiago. Gehienak, "ehuneko 65", etxean daude, koarentenan, sintomarik gabe edo sintoma arinekin. 61.557 herritar daude egoera horretan.

Kurbak, behera

"Azkenean, badirudi kasu berriak behera egiten ari direla; kurba epidemikoan, meseta-fase baten ostean, ematen du beherakada dagoela, kurba behera ari da egiten", nabarmendu du, bere aldetik, Giovanni Rezza Osasuneko Goi Institutuko Gaixotasun Kutsakorren zuzendariak. Rezzak, nolanahi ere, eskatu du "egun bat edo bi itxarotea, lasaitua hartzeko".

Rezzak ohartarazi duenez, beherakada egon arren, "birusak herritarren artean jarraituko du; aste batean edo hilabete batean, ez gara zerora iritsiko" prebenitu du, eta eskatu du "gizarte-urruntzeko neurri guztiei zorrotz eusteko". Edozein murrizketak, azpimarratu du, "birusa berriro ibiltzea ekar lezake. Lehen gudua irabazi dugu", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Italia Medikuntza albisteak Koronabirusa