Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
AEBk narkotrafikoaren aurkako operazioa abiatu du Karibe itsasoan eta Ozeano Barean
Aktibo militar ugari erabiliko dira narkotrafikoaren aurkako operazio horretan, besteak beste, AEBko Armadaren destruktoreak, borroka-ontziak eta P-8 hegazkinak.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen arabera, AEBko Gobernuak narkotrafikoaren aurkako operazioa abiatu du Karibe itsasoan eta Ozeano Barean, beste 22 herrialderekin batera. Zehazki, Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari narkotrafikoa egotzi eta bere aurkako karguak aurkeztu ostean eman zuen erabaki horren berri.
"AEBk zuzendutako operazio bat jartzen ari gara gaur martxan mendebaldeko hemisferioan, narkotrafikoaren aurka, amerikarrak drogen gaitz hilgarritik babesteko asmoz", adierazi zuen atzo Trumpek, koronabirusari aurre egiteko lantaldearekin Etxe Zurian egindako agerraldian.
Testuinguru horretan, estatubatuarren bizitzei "mehatxu egin nahian" drogekin aritzen diren gaizkile-taldeak "koronabirusaren pandemiaz baliatzea guztiz onartezina" dela esan zuen presidente estatubatuarrak, eta, aldi berean, AEBk "zaintza eta droga-konfiskazioak" areagotuko dituela azaldu zuen. Horren harian, hori guztia "denbora errekorrean" egiteko herrialdeak "ahalegin handiagoa" egingo duela adierazi zuen Trumpek.
Mark Esper AEBko Defentsa idazkariak bat egin zuen presidentearen hitzekin, eta dagoeneko martxan dagoen operazio horrek Madurok Venezuelan duen botereari "kalte handia" egingo diola azpimarratu zuen.
Esperrek zehaztu zuenez, "aktibo militar ugari erabiliko dira operazioan, besteak beste, AEBko Armadaren destruktoreak, borroka-ontziak eta P-8 hegazkinak".
AEBko Gobernuak Maduroren eta haren gobernuko beste goi kargudun batzuen aurkako zigor karguak aurkeztu zituen joan den astean, narkotrafikoa egotzita. AEBko Justizia eta Estatu departamentuek 15 milioi dolar eskaini dituzte hura atxilotzen lagundu dezakeen edozein informazioren truke.