Mundua -
Koronabirus
727 hildako eta 2.937 positibo gehiago, Italian; dagoeneko, 13.000 heriotza izan dira
Italiako Gobernuak iragarri duenez, COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko ezarritako mugimendu- eta jarduera-murrizketak gutxienez apirilaren 13ra arte izango dira indarrean.
Agentziak | Erredakzioa
Italian, azken 24 orduetan, 727 lagun hil dira koronabirusagatik, eta 2.937 kutsadura gehiago baieztatu dira; hortaz, dagoeneko, 13.000 heriotza baino gehiago izan dira herrialdean, Angelo Borrelli Babes Zibileko nagusiak asteazken honetan emandako azken datuen arabera. Testuinguru honetan, Roberto Speranza Osasun ministroak baieztatu du COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko ezarritako mugimendu- eta jarduera-murrizketak gutxienez apirilaren 13ra arte izango direla indarrean.
Borrellik zehaztu duenez, kutsadura-kopurua asteartekoa baino pixka bat handiagoa da; asteartekoak ere gainditu zuen, gutxigatik, aurreko egunekoa, alegia, astelehenekoa. Guztira, Italian, orain arte, 110.574 kasu atzeman dituzte, eta 13.155 lagun hil dira. Hori bai, 1.118 gaixori eman diete alta azken 24 orduotan, eta, ondorioz, guztira, COVID-19 gaitza zuten 16.847 paziente sendatu dira, dagoeneko.
Une honetan, 80.500 gaixo baino gehiago daude; % 60, hau da, 48.134, etxean bakartuta daude, eta 28.403, aldiz, ospitaleratuta. 4.035 herritar zainketa intentsiboetako unitatean daude; astearteko datuarekin alderatuta, 12 lagun gehiago daude ZIUn, Alberto Villani pediatrak azaldu duenez. Villani Gobernuari aholku ematen dion batzorde tekniko-zientifikoko kidea da, eta, haren esanetan, zifra horrek baieztatu egiten du "daramagun norabidean jarraitu behar dugula", hartutako neurriekin.
Etxetik irteteko debekuen gainean Gobernuak ezarritako mugaketei dagokienez, Villanik argitu du ez dela aldaketarik izan. Barne Ministerioaren zirkular batek, baina, zalantzak sortu ditu, baimentzen baitzuen ume batek "ekintza motorrak" egitea, gurasoetako batek lagunduta, etxearen ondoan: "Ez dago aldaketarik orain arte emaitza ona eman digun estrategian eta politikan", azpimarratu du Villanik. Italiako Pediatria Elkarteko presidentea ere bada, eta argitu du ez dela heriotzako edo kutsadura larriko kasurik izan adingabeen artean.
Villanik berretsi du herrialdea "euste-fasean" dagoela oraindik, eta, hortaz, batzorde tekniko-zientifikoak ez du gomendiorik eman ildo horretan: umeak paseatzera ateratzeak, gehitu du, "balizko kutsadurak egoteko arriskua ekarriko luke, eta hori guztiontzako kaltegarria da". Beraz, nabarmendu du, mezua ez da aldatu: "Etxean geratu".
Lurraldeka, Lombardia da kaltetuena; 44.773 kasu atzeman dituzte bertan, asteartean baino 1.565 gehiago, eta 7.593 lagun hil dira, hau da, 394 azken 24 orduotan.
Murrizketak, hilaren 13ra arte, gutxienez
Hala, Roberto Speranza Italiako Osasun ministroak baieztatu du gaitza hedatzea helburu ezarritako mugimendu- eta jarduera-murrizketak hilaren 13 arte, behintzat, izango direla indarrean; hau da, azken luzapenean ezarritako epea gutxienez 10 egunez luzatuko da.
Senatuan emandako hitzaldi batean, Speranzak esan du Gobernuak beharrezkotzat jotzen duela orain arte gainditutako murrizketa horiek luzatzea; halaber, ohartarazi du murrizketak pixkanaka indargabetuko dituztela: "Ezinbestekoa izango da, egungo mugaketak kentzean, pixkanaka egitea, kutsadura-foku larriak egon ez daitezen", azpimarratu du. Esan duenez, Gobernua "biharamuna jomugan" ari da lanean, baina "kontu handiz, akatsik ez egoteko".
Speranzak nabarmendu du "lehen seinale positiboak" ari direla jasotzen, baina horrek ez du esan nahi alarma amaitu denik: "Seinale horiek adierazten dute bide onean gaudela, eta hartu ditugun neurri drastikoak lehen emaitzak ematen hasi direla", esan du.
Giuseppe Conte lehen ministroak, bere aldetik, bilera izan du zentro-eskuineko oposizioko lider nagusiekin; topaketan, esan die Gobernuak lege-dekretua onartuko duela, enpresei ahalik eta lasterren emateko likidezia, Adnkronos albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak, era berean, nabarmendu du asteazken honetan herrialdea "garai latzak" ari dela bizitzen, baina, haren iritziz, "elkarrekin", gaindituko dituzte; mezua argitaratu du Mattarellak, egunero herritarren aldetik jasotzen dituen gutun ugariri erantzuteko asmoz.