Mundua -

Koronabirusa

530.000 pertsona kutsatu eta 24.000 hil dira munduan koronabirusaren ondorioz

AEBn 85.000 positibo baino gehiago zenbatu dituzte, 18.100 egun batean, Txinan, bere faserik txarrenean ere, egun batean atzemandakoak baino gehiago.

San Frantzisko. AEBn 85.000 positibo zenbatu dituzte, 18.100 egun batean. Argazkia: Efe.
San Frantzisko (AEB)
San Frantzisko. AEBn 85.000 positibo zenbatu dituzte, 18.100 egun batean. Argazkia: Efe.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiak 530.000 pertsona kutsatu eta 24.000 hil ditu dagoeneko mundu osoan, eta AEBn 18.100 kasu atzeman dituzte egun bakarrean, egun batean inon atzemandakoak baino gehiago. Txinan ere ez zuten otsailean, gaixotasuna bere faserik okerrenean zenean, horrelako datu txarrik bildu.

Johns Hopkins Unibertsitateak gaur, ostiralarekin, 08:00etan eguneratutako balantzearen arabera, koronabirusaren pandemia 176 herrialde eta lurraldetara iritsi da, 533.416 pertsona kutsatu ditu eta 24.082 hil. COVID-19a, koronabirusak eragiten duen gaixotasuna, izan duten 122.710 pertsona sendatu dira, gehienak (74.180), Txinan.

Pandemiak gogorren jo dituen lau herrialdeetan (AEB, Txina, Italia eta Espainia), 306.000 kasu zenbatu dituzte, mundu osoan kutsatuta dauden pertsona guztien erdiak baino gehiago.

Ostegunetik, AEB da munduan positibo gehien atzeman dituen herrialdea: 85.991 pertsona kutsatu eta 1.296 hil dira.

Txina dago bigarren, 81.782 positibo eta 3.291 hildako baitaude. Italian, bestalde, kutsatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Kasu gehien dituen herrialdeetan hirugarrena da (80.589 positibo), eta heriotza gehien zenbatu dituena: 8.215.

Laugarren Espainia dago. 57.786 positibo, 4.365 hildako eta osatutako 7.015 pertsona zenbatu dituzte bertan, ostiral honetan 08:30ean eguneratutako datuek erakusten dutenez.

Alemania da birusak gogorren jotako herrialdeetan bosgarrena, eta Frantzia seigarrena, Iran (zazpigarren dago orain) gaindituta.

Horien atzetik daude Erresuma Batua, Suitza, Hego Korea, Herbehereak, Austria, Belgika eta Kanada.

Turkia, Portugal, Norvegia, Australia eta Israel aldean 3.000 kutsatuen maila gainditu dute; Suedian, Malaysian eta Danimarkan, 2.000koa, eta mila positibotik gora zenbatu dituzte Txekiar Errepublikan, Irlandan, Luxenburgon, Ekuadorren, Japonian, Txilen, Pakistanen, Polonian, Thailandian, Errumanian eta Saudi Arabian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa