Mundua -

Koronabirusa

Italiak apirilaren 3tik harago luzatuko du indarrean dagoen konfinamendu agindua

Koronabirusari aurre egiteko "sen ona" erabili behar dela azpimarratu du Italiako lehen ministroak, eta "kontzientziaz" jokatzeko eskatu die herritarrei, hildakoen kopuruak gora egin ez dezan.

Turista bat, maskara batekin babestuta Koliseora egindako bisitan. Artxiboko argazkia: EFE
Turista bat, maskara batekin babestuta Koliseora egindako bisitan.
Turista bat, maskara batekin babestuta Koliseora egindako bisitan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guiseppe Conte Italiako lehen ministroak ostegun honetan iragarri duenez, apirilaren 3an amaitzekoa zen konfinamendu agindua luzatuko du Italiako Gobernuak, COVID-19 gaitzak eragindako pandemiari aurre egiteko. Izan ere, bere esanetan, orain arte hartutako neurriak eraginkorrak izaten ari dira, baina ezinbestekoa da epea luzatzea koronabirusa garaitu ahal izateko.

"Une honetan ez da komeni gehiago esatea, baina argi dago orain arte hartu ditugun neurriak luzatu egin beharko direla", esan du Italiako gobernuburuak, Il Corriere della Sera egunkariak egindako elkarrizketan. Ildo horretatik, denda eta ikastetxeen ezarritako itxiera onuragarria izaten ari dela ziurtatu du, besteak beste "sistemaren kolapsoa" saihestu duelako.

Testuinguru horretan, koronabirusa hedatzea saihesteko Italiako Gobernuak hartu dituen neurrien eraginkortasuna nabarmendu du Contek. "Neurri murriztaileak eraginkorrak izaten ari dira, eta argi dago koronabirus izurritearen gailurra gainditzen dugunean kutsatzeak gutxitzen hasiko direla, ehunekotan behintzat. Arrazoi horregatik, datozen egunetan oraindik ezin izango gara lehengo bizimodura itzuli", esan du Italiako lehen ministroak.

Halaber, koronabirusari aurre egiteko "sen ona" erabili behar dela azpimarratu du, eta "kontzientziaz" jokatzeko eskatu die herritarrei, Italian konfinamendu agindua eta beste neurri murriztaile batzuk indarrean dauden une honetan, kutsatutako eta koronabirusaren eraginez hildako pertsonen kopuruak gora egin ez dezan.

"Arauak hausten dituztenentzat zigor penalak indarrean daude, eta zorroztasun handiz ezarriko dira. Alkateek hartutako neurriekin bat doaz, herriak eta parkeak itxi baitituzte. Gauza bat da kirola egitea, eta beste bat leku publikoak bilgune bihurtzea, eta hori onartezina da", adierazi du Contek. Dena dela, une honetan Italiako Gobernuak ez duela beste neurri murriztailerik ezartzea aurreikusten argi utzi du.

Ostegun honetara arte, Txinako Wuhan hirian lehen aldiz agertutako COVID-19 gaitzaren eraginez 2.900 pertsona hil eta 37.000 kutsatu dira Italian, tokiko agintariek jakinarazi dutenez. Nazioartean, berriz, 8.000 hildako eta 200.000 kutsatu baino gehiago utzi ditu koronabirus berriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Italia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Koronabirusa