Mundua -
Errusia
Putinek 2036ra arte Kremlinen jarraitzeko bidea ireki du
Konstituzioa aldatzeko zuzenketak herritarren oniritzia jaso beharko du apirilaren 22an egingo den erreferendum batean.
agentziak | erredakzioa
Vladimir Putin Errusiako presidenteak boterean jarraitu ahal izateko azken oztopoa kendu du. Parlamentuan egindako agerraldi historikoan, Konstituzioa aldatzeko prest agertu da, eta atea ireki dio 2036ra arte Kremlinen egoteari.
"Ziur nago elkarrekin gauza on asko egingo ditugula oraindik, 2024ra arte gutxienez. Orduan ikusiko dugu", adierazi du Putinek Duman (Behe Ganbera).
Mendebaldearekiko beldurra, egonkortasun sakratua, presidentetza bertikal indartsua izateko premia, herrialdeak aginte politikoan aldaketarik behar ez izatea eta gizartearen gehiengoaren babesa aipatu ditu Putinek 2024an Kremlinetik ez joatea justifikatzeko. Egungo indarrean den 1993ko konstituzioaren arabera, kargua utzi beharko luke orduan.
Putinek ezustekoa eman zuen urtarrilaren erdialdean Konstituzioa aldatzeko asmoa agertu zuenean (esana zuen sekula ez zuela egingo), baina nazioarteko gaietako adituek uste zuten 2024an presidentetza utziko zuela, agintea beste erakunde batetik izateko: Estatu Kontseilutik.
Gaur baztertu egin du aukera hori, "arriskutsua" delakoan, "ez duelako inolako zerikusirik demokraziarekin", boterea bitan banatzeak "gizartearen zatiketa" eragingo lukeelako.
Hala eta guztiz ere, ez du oztoporik jarri boterean luzaro jarraitzeko proposamenari.
"Ziur nago uneren batean botere gorena, presidentearena, ez dela horren pertsonalista izango Errusian, ez dela pertsona jakin bati lotua egongo. Baina gure historia bide horretatik joan da…", esan du.
"Presidenteak du Konstituzioaren bermea, segurtasunarena, barne egonkortasunarena eta eboluzioarena. Hain zuzen ere, eboluzioarenean, nahikoa iraultza izan ditugu jada. Errusiak soberan bete du kuota iraultzailea", azpimarratu du.
Dumak aldeko 380 botorekin eta kontrako 43rekin onartu du Konstituzioaren zuzenketa, hau da, Putinen lau agintaldiak ez zenbatzea agintaldi berrietarako aukera zabaltze aldera.
Gainera, Putinek nazioaren egoerari buruzko urtarrileko hitzaldian proposatu zituen aldaketa konstituzionalak egiteko, herritarrek oniritzia eman beharko diote pakete osoari apirilaren 22an, erreferendum bidez.
Putinek azpimarratu zuen Errusian aginte politikoan aldaketak egoteko heldutasuna behar dela, eta kanpoko mehatxuen aurrean segurtasuna izatea.
2036ra iristea lortuko balu, Iosif Stalin buruzagi komunistak baino denbora gehiago emango luke agintean, 83 urterekin.