Mundua -
Krisi humanitarioa
Turkia eta Grezia arteko mugan dauden migratzaileen aurka oldartu da berriro Polizia
Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu. Guztira, joan den ostiraletik 36.649 migratzaile eta errefuxiatu sartzea galarazi du Greziak.
Agentziak | Erredakzioa
Greziako Poliziak ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili ditu ostiral goizean Turkiaren eta Greziaren arteko mugan, herrialdera legez kanpo sartzen saiatzen ari diren migratzaileak eta errefuxiatuak geratzeko ahaleginean. Ondorioz, azken bi egunotan inguruan arazo handirik egon ez bada ere, tentsioa nagusitu da berriro.
Istiluak 07:30ean hasi dira (05:30 GMT), migratzaile eta errefuxiatu talde batzuk muga Kastanies herritik zeharkatzen saiatu direnean.
Tokiko telebistek zabaldu dituzten irudietan, Greziako eta Turkiako poliziek ur kanoiak eta gas negar-eragileak erabili dituztela ikus daiteke.
Aurreko bi egunetan, ordea, Grezian sartzeko ahalegin gutxiago egin dituzte hesiaren ondoan jarraitzen duten migratzaileek, eguraldi txarraren ondorioz ziurrenik. Astebete igaro da jada Turkiak Europar Batasunarekin adostutako migrazio akordioa bertan behera utzi eta egungo krisi humanitarioa hasi zela. Dena dela, gero eta sakabanatuago daude muga zeharkatzeko asmoa duten migratzaileak.
Greziako Gobernuak emandako datuen arabera, ostegunean, Evros ibaiaren ondoko mugatik herrialdera sartzen saiatu ziren 1.871 pertsona geldiarazi zituen Greziako Poliziak, eta herrialdean sartzea lortu zuten zortzi migratzaile atxilotu zituen.
Guztira, ostiraletik 36.649 migratzaile eta errefuxiatu sartzea saihestu du Greziak, eta 252 atxilotu ditu. Atxilotu gehienak afganiarrak (% 64), pakistandarrak (% 19) eta turkiarrak (% 5) dira.
Itsas mugan, berriz, egoera lasai samar izan da goizean, baina hiru egunez Egeo itsasoko uharteetara ontzirik iritsi gabe egon ondoren, atzo arratsaldean lehena porturatu zen Lesbosen.
Testuinguru horretan, Lesbos, Kios eta Samos uharteen inguruan patruilak edo merkataritza-ontziak ez diren ontziak nabigatzea debekatu du Greziako Gobernuak. Neurria astelehenean ezarri zuten, baina atzo arte ez zen publiko egin. Antza denez, datorren ostegunera arte (hilak 12) egongo da indarrean.