Mundua -
AEBko primarioak
Biden Sandersen aurka: superastearteak demokraten bi sektoreen indarrak neurtuko ditu
Azken orduotan bi hautagaik utzi dute lehia: Amy Klobuchar eta Pete Buttigieg. Biek Biden babestu dute, Sanders faboritoari aurre egiteko saiakera batean.
Agentziak
AEBko Alderdi Demokrataren primarioek egun garrantzitsua dute gaur: superarteartea da. 14 estatutan bozketak izango dira eta Etxe Zurirako hautagaitzara begira, beharrezkoak diren babesen herena banatuko dira. Batez ere, bi hautagairen artean espero da borroka estuena: Bernie Sanders sektore ezkerzaleko ordezkari eta orain arteko faboritoak Joe Biden zentrista izango du aurrez aurre.
Oraindik lehian dabiltzan bost hautagaiek ekitaldi andana dituzte gaurko aurreikusita. Azken orduetan, gainera, bi hautagaik, biak ildo moderatukoak, bertan behera utzi dute kanpaina: Amy Klobuchar senatariak eta Pete Buttigieg South Bendeko (Indiana) alkate ohiak. Biek Biden babestu dute, eta ez dira bakarrak izan, hainbat buruzagi demokratek (tartean Harry Reid Senatuko buruzagi ohia edo Mark Kelly astronauta ohia eta Senaturako hautagaia) ere gauza bera egin baitute.
Babesok helburu garbia dute: Sandersen hautagaitzari esku-frenoa jartzea. Izan ere, ildo moderatuan hainbeste hautagai izateak superasteartean Sandersen hautagaitza are gehiago indartuko lukeen beldurra zabaldu da.
Sanders faborito da gaur jokoan diren 14 estatuetatik zortzitan, tartean bi handienetan (Kalifornia eta Texas) baina baita Coloradon eta Utahn.
Aipatutako estatu horietan ez ezik, Ipar Carolinan, Virginian, Alabaman, Arkansasen, Mainen, Massachusettsen, Minnesotan, Oklahoman, Tennesseen, Vermonten eta Samoan ere egingo dituzte bozketak.
Sanders, Minnesotan egindako ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Orain arte bildutako babesen arabera, Sandersek 60 delegatu ditu; Bidenek, 53; Elizabeth Warren senatariak, 8. Beste bi hautagai ere badaude lehian: Michael Boomberg aberatsa eta Tulsi Gabbard kongresista.
Bi aukera posible
Hain justu, ikusteko dago zer gertatuko den orain Bloombergekin. Dirutza gastatu du superastearte aurreko kanpaina, eta min handia egin ahal dio Bideni.
Bi aukera daude egun erabakigarri honen ondotik: Bernie Sandersek garaipen argia eskuratzea edota emaitza parekatuagoa lortzea.
Bigarrena gailenduko balitz, eta bost hautagaietako batek ere 1.991 delegatuen langa (maila horretara heldu behar da Trumpen kontra aritzeko) pasatuko ez balu, baliteke caucusen bidea ezerezean geratzea eta hautagaia Alderdi Demokrataren barne borroken ostean erabakitzea.