Mundua -

Israel

Netanyahu gailendu da Israelgo hauteskundeetan, beharrezko gehiengoa bermatu gabe

Botoen % 90 zenbatuta, Likudek, alegia, Netanyahuren alderdiak, bi ordezkari gehiago beharko lituzke gehiengo soila lortzeko; horrekin, ziurtatuta izango luke Gobernua osatzea.

Benjamin Netanyahuk buru duen Likud alderdiak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahuk buru duen Likud alderdiak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak
Benjamin Netanyahuk buru duen Likud alderdiak irabazi ditu Israelgo hauteskundeak. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botoen % 90 zenbatuta, Benjamin Netanyahuren Likud alderdia ari da garaitzen Israelgo hauteskundeetan, eta Beny Gantzen Urdina eta Zuria alderdiari gailentzen ari zaio. Dena den, ez luke izango bermatuta beharrezko gehiengoa; izan ere, bi ordezkari gehiago beharko lituzke Likudek gehiengo soila lortzeko. Hori erdietsita izango luke ziurtatuta Gobernua osatu ahal izatea.

Guztira, Parlamentuan 120 aulki daude. Bozen % 10 zenbatu gabe daudela, Likudek 36 aulki lortuko lituzke, eta Gantzen alderdiak, aldiz, 32. Yamina, Shas eta Torako Judaismo Bateratua alderdiek lortutakoa gehituta (ultraeskuindarrak eta ultraortodoxoak dira, bai eta Netanyahuren Gobernu bazkideak ere), Likudek 59 diputaturen babesa izango luke; beraz, beste bi beharko lituzke.

Datu horietan aldaketa txikiak egon litezke oraindik; baina badirudi 2019ko apirilean izandako egoera errepikatuko dela, hau da, Netanyahuk ez izatea beharrezko gehiengoa. Orduan, ordezkari bat falta izan zitzaion, eta, azkenean, hauteskundeak deitu behar izan zituzten berriro.  

Zerrenda Bateratua da berriro ere hirugarren indar politikoa; bertan, gehiengo arabiarreko alderdiak daude. Iraileko hauteskundeekin alderatuta, bi aulki gehiago izango lituzke (bost gehiago, 2019ko apirileko emaitzekin alderatuta).

Parte-hartzeak egin dio mesede arabiar sektoreari; izan ere, arabiar komunitateetan gora egin du. Guztira, hautesleen % 71k eman dute botoa, aurreko bi hauteskundeetan baino gehiagok, nahiz eta herritarrak hainbat hauteskunde-deialdi izan dituzten azken hilabeteotan.

Shas ultraortodoxo sefardiak ere egin du gora, eta 10 aulki lortuko lituzke; Labor-Guesher-Meretz zentro-ezkerreko zerrendak, aldiz, ez du emaitza onik lortu, 7 aulki eskuratuta.

Torako Judaismo Bateratuak (hori ere bada ultraortodoxoa), eta Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren Israel Gure Etxeak 7na aulki izango lituzkete. Yamina ultraeskuindarrak 6 erdietsiko lituzke, eta gainerako alderdiek ez lukete 3,25eko hauteskunde-muga gaindituko; hortaz, ez lukete diputaturik lortuko.

Gobernua osatzeko aukerak

Datuak berretsiko balira, ikusi beharko litzateke da nola lortuko lituzkeen Netanyahuk Gobernua osatzeko beharko lituzkeen babesak. Beste alderdiren bateko iheslariren baten botoa lor lezake, edo Gantzekin batasun-gobernua osatu. Baliteke ere Liebermanen babesa eskuratzen saiatzea; Liebermanek, baina, esan zuen astelehen gauean hautesleei hitzemandakoari eutsiko diola, eta ez duela Gobernurik egingo ultraerlijiozaleekin.

Netanyahuk, goizaldean, esan du emaitzek "garaipen gozoa" ekarri dutela, "dena gure kontra dagoela lortutako garaipena", eta iragarri du: "Duela gutxi, eskuindar lider guztiekin hitz egin nuen. Behar den guztia egingo dugu Israelentzat ona den Gobernu nazional zabala osatzeko".

Bere aldetik, Gantzek onartu du "etsipena eta desilusioa" dituela emaitzak ikusita; azken emaitza ofizial egin aurretik, onartu du: "Ez da nahi genuena. Emaitzak hauexek badira, ez dute Israel bide zuzenera eramango".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Hauteskundeak Koronabirusa Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Netanyahu, Israelgo lehen ministroa