Mundua -

Migrazio krisia

Greziak maniobra militarrak iragarri ditu benetako munizioarekin Turkiatik gertu

Errefuxiatuen migrazio eremutik oso gertu izango dira maniobrak, Turkiak mugak irekitzea erabaki eta milaka errefuxiatu Grezian sartzen saiatzen ari direnean.

Hainbat pertsona, bueltan, Greziara igarotzeko saiakera antzuaren ostean. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona, bueltan, Greziara igarotzeko saiakera antzuaren ostean.
Bi migratzaile hil dira eta milaka daude Turkia eta Grezia arteko mugan harrapatuta

1:08

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako Armadak iragarri du maniobra militarrak egingo dituela berehala eta benetako munizioarekin Egeo itsasoaren ekialdean, Turkiako kostatik gertu. Turkiak mugak ireki eta errefuxiatuei Greziara joateko bidea eman dienean iritsi da Greziako Armadaren iragarpena.

"2020ko martxoaren 2tik eta hurrengo 24 orduetan benetako munizioarekin tiro egingo dugu, armamendu arinarekin eta pisutsuarekin, Egeo ekialdeko irlen ekialdeko itsas eremuetan, Samotraziatik Kastelorizora", azaldu dio Armadak AMNA albiste-agentzia greziar ofizialari.

Bestalde, Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak atzo iragarri zuen ez zutela asilo eskaerarik izapidetuko gutxienez hilabete eta erdian, eta Frontex Europar Batasuneko kanpo mugen kontrolerako agentziari premiazko laguntza eskatu diola Turkiatik iristen ari den migratzaile oldeari aurre egiteko.

Testuinguru horretan, Siriako errefuxiatu bat hil dute tiroz Turkiatik Greziara bidean zihoanean, Evros ibaiaren inguruan, Edirne hiritik ehun bat kilometrora, Efe albiste-agentziak hainbat iturritan oinarrituta jakinarazi duenez. Hala ere, Gobernuak ez du halakorik baieztatu.

Milaka migratzaile ahaleginetan

Milaka pertsonak Edirne (Turkia) mugako herrian eman dute gaua Greziara sartzeko asmoz. Salatu dutenez, Turkiako Poliziak Europar Batasunera igarotzera bultzatzen ditu, baina mugara heltzean Greziako Poliziak gas negar-eragileekin erantzuten du. Bi indar polizialen artean harrapatuta geratu direla esan dute errefuxiatu eta migratzaileek.

Izan ere, pertsona horietako batzuek EFE albiste agentziari kontatu dietenez, "zaindu bako muga-postuetara eramango gaituztela esaten digute, baina atzo egon ginen halakoetan eta badakigu ez dela egia: Greziako Poliziak ez du inor pasatzen uzten, eta gas negar-eragilea botatzen digu".

"Atzo ehunka lagunekin izan nintzen, tartean zeuden familiak eta umeak. Aurrekoek —greziarrek— gasa jaurtitzen ziguten, eta atzean genituenek —turkiarrek— ez ziguten atzera egiten uzten. 15 ordu eman genituen harrapatuta", adierazi dute.

Are, saiakera egin ostean, Istanbulera eta Turkiako beste hiri batzuetara bueltatzen direnean, atzera egin behar izaten dutela salatu dute errefuxiatuek, Turkiako agintariek muga herrietara doazen ibilgailuetara igotzen uzten dietelako bakarrik.

Turkiak xaxatuta

Migratzaileek azaldu dutenez, nork bidalitakoak diren ez dakiten autobusek Grezia eta Turkia arteko mugan barrena (25 kilometro) uzten dituzte, talde txikietan.

Mohamed izeneko errefuxiatu siriar batek eta beste kide batzuen esanetan, Turkiako Poliziak isolatutako herrietara eraman ditu, eta han trafikatzaileak dituzte zain. Evros ibaia igarotzeko laguntza eskaintzen diete, aurrez 50 euro ordainduta. Migratzaile horiek Greziara igaro balira moduan zenbatzen omen ditu Turkiak.

Turkiako agintariek emandako datuen arabera, 100.000 pertsona igaro dira Grezia. Greziako agintarien arabera, 100 bat migratzaile atxilotu dituzte modu irregularrean muga zehartzea egotzita.

Bien bitartean, hainbat gezurrezko albiste zabaldu dira errefuxiatuen artean. Besteak beste, Greziak muga berehala zabalduko duela edota talde txikiei pasatzen utziko diela hedatu da. Greziako agintariek, ordea, muga inguruan dauden nazioarteko telefono mugikor guztietara SMS mezua bidali dute esanez muga itxita dagoela eta hura igarotzen saiatzen den oro atxilotuko dutela.

Varios refugiados acampados en Edirne (Turquía).

Hainbat errefuxiatu Edirnen (Turkia) kanpatuta. Argazkia: EFE

Duela hilabete errefuxiatuek asilo eskaera egiteko eskubidea bertan behera utzi zuen Greziak, eta indarkeria erabilita erantzuten die saiakera guztiei. Hungariak ere bertan behera utzi du asilo eskaeren eskubidea. 

Era berean, Greziako Poliziak salatu du migratzaile batzuek harriak bota dizkietela.

Itsasoan ere bai: Ume bat hil da azken orduetan

Bien bitartean, ume bat hil da azken orduetan Lesboseko uhartera iritsi nahian zebilen ontzi batean. Greziako itsas poliziak 47 lagun erreskatatu ahal zituen. Bi adingabe Lesboseko ospitaleetako batera eraman zituzten. Horietako bat korderik gabe iritsi zen, eta handik gutxira zendu zen. Bestea onik dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Grezia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Turkia Errefuxiatuak