Mundua -
Israel
Hauteslekuak irekita Israelen, urtebetean hirugarrenez, gobernua eratzea helburu
Inkesten arabera, emaitzak ez dira iraileko eta apirileko hauteskundeen ostean izandakoen oso bestelakoak izango. Orduan, alderdiak ez ziren koalizio-gobernua adosteko gai izan.
Agentziak | Erredakzioa
6,5 milioi israeldar inguru bozkatzera deituta daude gaur, astelehena, urtebetean hirugarren aldiz, herrialdean nagusi den blokeo politikoarekin amaitu eta gobernua eratzea ahalbidetu dezaketen ordezkariak aukeratzeko asmoz.
Testuinguru horretan, 11.000 bozkaleku baino gehiago zabalik daude lehen ordutik, eta 18 urtetik gorako herritarrek 15 ordu izango dituzte botoa emateko, Israelen jaiegun bezala hartzen den astelehen honetan. Gainera, garraio publikoa doan izango da egun osoan, botoa emateko eskubidea errazte aldera.
Oraingoan, ehunka israeldarrek berezitasun batekin eman dezakete botoa; izan ere, koronabirusaren agerraldia dela eta, koarentenan dauden herritarrek edo gaitz horrekin lotutako kasuak antzeman dituzten herrialdeetara bidaiatu dutenek ezin dute botoa dagokien ohiko hauteslekuetan eman. Israelen, hamar bat kasu baieztatu dituzte orain arte.
Hala, isolatuta dauden herritarrentzat, hamabost bat kanpin-denda jarri dituzte, ezohiko bozkaleku horietan botoa eman dezaten. Kasu horietan, gaixoek ezin dute garraio-publikoa erabili, eta eskularruak eta maskarak jarrita eman beharko dute botoa, hauteslekuan bertan eskainiko dieten boligrafoa erabiliz. Dena dela, dagozkion prebentzio-neurriekin babestutako langileek lagunduko diete.
Inkesten arabera, emaitzak ez dira iraileko eta apirileko hauteskundeen ostean izandakoen oso bestelakoak izango. Orduan, alderdiak ez ziren koalizio-gobernua adosteko gai izan.
Zehazki, Benjamin Netanyahuren Likud alderdia eta Benny Gantz armadako buruzagi ohiaren Urdina eta Zuria koalizioa dira hauteskundeak irabazteko aukera gehien dituzten bi alderdiak. Dena dela, bakar batek ere ezin izango du bakarrik gobernatu, ez baita beharrezko 61 eserleku lortzea espero. Horrenbestez, boto gehien lortzen dituen alderdiak gehiengo sinplera iristeko akordioa adostu beharko du.
Aurreko hitzorduekin alderatuta, bi berritasun daude: alde batetik, Netanyahu ustelkeriagatik formalki auzipetu dute eta, bestetik, AEBrekin sinatutako bake akordioak, eskuineko alderdiek palestinarrekiko gatazkari dagokionez egin dituzteen eskaerei bultzada eman die.