Mundua -

WikiLeaks

Gaur hasiko da Julian Assange AEBra estraditatu ala ez erabaki behar duen epaiketa

Maiatzean, WikiLeakseko sortzailea estraditatzeko eskatu zion AEBk Londresi, informazioa modu bidegabean jasotzeko asmoz espioitzarekin eta konspirazioarekin lotutako 18 delitu leporatuta.

Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE
Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea.
Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange WikiLeaks atariko sortzailea Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) estraditatu ala ez erabakitzeko epaiketa hasiko da gaur, astelehena, Londresen. Asssange Belmarsh segurtasun handiko espetxean dago preso, 2010ean isilpeko informazio diplomatikoa zabaltzea leporatuta, besteak beste.

Astelehen honetan, WikiLeaks atariko sortzailea epailearen aurrean agertzea espero da, estradizioa eskatzeko arrazoiak aurkeztuko dituzten epaiketaren lehen egunean. Dena dela, epaia emateko epea maiatzera arte luza daiteke.

WikiLeakseko sortzailea 2010ean atxilotu zuten, Erresuma Batuan, Suediak eskatuta, dagoeneko artxibatuta dagoen ustezko sexu delitu batengatik. Urte hauek guztiak giltzapean eman ditu Assangek, lehenik etxe barruan eta ondoren Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan errefuxiatuta, herrialde horrek babesa kendu zion arte. Ildo horretatik, Erresuma Batuko Poliziak iaz atxilotu zuen, eta Belmarshera eraman.

Maiatzean, WikiLeakseko sortzailea estraditatzeko eskatu zion AEBk Londresi, informazioa modu bidegabean jasotzeko asmoz espioitzarekin eta konspirazioarekin lotutako 18 delitu leporatuta. Epaileak errudun jotzen badu, 175 urterainoko kartzela-zigorra ezar diezaiokete.

Duela gutxi Assangeren defentsak aipatutako lekuko batek esan duenez, Donald Trump AEBko presidenteak indultua eskaini dio WikiLeaksen sortzaileari, 2016an zabaldutako isilpeko mezu elektronikoetan Errusiaren inplikazioa ukatuz gero.

Bitartean, Wikileaksen sortzaileak premiazko osasun arreta jasotzeko eskatu zuten hainbat medikuk joan den astean, The Lancet Erresuma Batuko aldizkari medikoan argitaratutako gutun batean.

Besteak beste, The Guardian eta The New York Times egunkarien eta Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearen babesa jaso du 48 urteko australiarrak.

WikiLeaksek 2016an zabaldutako mezu elektronikoek nolabaiteko eragina izan zuten Hillary Clinton demokrataren presidentetzarako kanpainan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Errusia Delituak Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Londres Suedia