Mundua -
KORONABIRUSA
Gizonezko bat hil da Frantzian koronabirusagatik, Europan lehena
80 urteko turista txinatarra zen, Hubei probintziakoa. Parisko ospitale batean zegoen ingresatuta, eta bertan zendu da.
AGENCIAS | REDACCIÓN
Gizonezko bat hil da Parisen, koronabirusaren ondorioz, Frantziako Osasun Ministerioak baieztatu duenez. Koronabirusak Europan eragindako lehendabiziko hildakoa da.
Agnes Buzyn Osasun sailburuak hedabideei emandako informazioaren arabera, 80 urteko turista txinatar bat da hildakoa. Txina erdialdean dagoen Hubei probintziakoa zen, koronabirusaren epizentroa deitzen dioten eskualdekoa. Parisko ospitale batean zegoen ingresatuta azken egunotan, eta bertan hil da.
Dagoeneko, 1.523 hildako utzi ditu koronabirusak Txinan, eta 66.492 pertsona daude kutsatuta, horietako asko egoera larrian.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) izen ofiziala jarri dio Txinan sortutako koronabirus gaitzari: Covid-19. Hala iragarri zuen Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak Genevan (Suitza) aste honetan eskainitako prentsaurreko batean. Nazioarteko aditu talde bat Suitzako hiri horretan bilduta egon da koronabirusari aurre egiteko neurriak adostu nahian.
"Izena jartzea garrantzitsua da izen zehaztugabeak edo estigma sor ditzaketen beste batzuk saihesteko. Horrez gain, balizko etorkizuneko agerraldietan erabiltzeko izen estandarra ematen digu", azaldu du. Munduko Osasun Erakundeak emandako jarraibideen arabera, izen ofizial berria ezin da erabili leku geografiko zehatzak, animaliak edo pertsona zehatzak izendatzeko.
Gaitzari aurre egiteko txertoaz galdetuta, Tedrosek ohartarazi du gutxienez urtebete eta erdi itxaron beharko dela: "Lehen txertoa 18 hilabeteren buruan lor dezakegu; ordura arte eskura ditugun neurriekin egin beharko diogu aurre birusari".