Mundua -

Ikerketa

CIAk ehunka herrialde zelatatu zituen urte luzez deszifratzeko sistema bat erabilita

1970etik CIArena zen Crypto AG Suitzako enpresak enkriptatzeko milaka makina saldu, eta, horiei esker, hainbat herrialdek kodetutako mezuak ezagutu ahal izan zituzten, tartean, Kondor operazioarenak.

Enigma makina erabili zuten II. Mundu Gerran mezuak zifratzeko eta deszifratzeko.Argazkia: Wikimedia
Enigma makina erabili zuten Bigarren Mundu Gerran mezuak zifratzeko eta deszifratzeko.
Enigma makina erabili zuten II. Mundu Gerran mezuak zifratzeko eta deszifratzeko.Argazkia: Wikimedia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Inteligentzia Agentzia Zentralak (CIA, ingelesez) eta Alemaniako BND zerbitzu sekretuen agentziak ehunka herrialde zelatatu zituzten urte luzez mezuak zifratzeko makinen bitartez, hainbat hedabidek gaur kaleratutako ikerketa baten arabera. 

National Security Archive (Segurtasun Artxibo Nazionala, NSA, ingelesez) gobernuz kanpoko erakundearen zenbait txosten kaleratu dituzte The Washington Post AEBko egunkariak eta ZDF Alemaniako telebista publikoak, eta horiek oinarri hartuta egindako ikerketaren arabera ondorioztatu dute AEBko eta Alemaniako inteligentzia zerbitzuek dozenaka herrialderen komunikazio diplomatiko eta militarrak espiatu zituztela, tartean Kondor operazioarenak.

Crypto AG Suitzako enpresaren mezuak zifratzeko makinen bitartez egin zuten zelatatzea bi inteligentzia zerbitzuek (eurek sortu zuten enpresa). Konpainiak milaka makina saldu zituen mundu zabalean. Besteak beste, honakoak izan ziren Suitzako enpresa horren bezeroak: Txile, Argentina, Brasil, Uruguai, Mexiko, Kolonbia, Peru, Venezuela, Nikaragua, Espainia, Grezia, Egipto, Saudi Arabia, Iran eta Irak.

Ordutik, makinak zifratutako mezuak deszifratzeko modua izan zuten CIAk zein BNDk, eta, horrela, historiako hainbat pasarteren xehetasunak jaso zituzten, hala nola, Txileko eta Argentinako kolpe militarretan (1973koan eta 1976koan, hurrenez hurren) kodetutako mezuak, Orlando Letelier Txileko kantzelari ohiaren hilketaren ingurukoak, Nikaraguako iraultza sandinistarenak edo Malvinetako gerrarenak.

NSAren txostenek aipamen berezia eskaintzen diote Kondor operazioaren ingurukoei. Txileko, Argentinako eta Uruguaiko diktaduren arduradunek Cripto AG makinak erabili zituzten euren mezuak kodetzeko, baina ez zekiten AEB eta Alemania horiek guztiak "entzuten" ari zirela.

Sobietar Batasuna eta Txina ez ziren bezero izan

The Washington Post egunkariaren arabera, 1970etik CIAk eta NSAk aipatu makinaren nondik norako guztiak kontrolatu zituzten.

Sistema horri esker, Irango bahituen krisia, Kondor operazioaren hilketak eta Malvinetako gerra gertutik jarraitu zituzten. Azken horri buruz, ikerketak ondorioztatu du Reaganek Argentinaren informazio kodetua eman ziola Erresuma Batuari.

Sistema horrek izan zuen salbuespenik, ordea. Izan ere, Sobietar Batasunak eta Txinak ez zuten inoiz Crypto AG makinarik erabili, susmoa baitzuten.

The Washington Post hedabidearen arabera, gaur egun 10 bat herrialdek darabilte Crypto AGren makina, eta konpainiaren logotipoa ikusgai dago oraindik Zug hirian enpresak zuen egoitzan. Horren esanetan, 2018an likidatu zuten enpresa eta aktibo gehienak CyOne Security eta Crypto International konpainiek eskuratu zituzten. Lehenak segurtasun sistemak saltzen dizkio Suitzako Gobernuari, eta bigarrenak, Crypto AG enpresaren marka eta nazioarteko negozioa kontrolatzen du. Konpainia horiek ukatu egin dute inteligentzia zerbitzuekin zerikusirik izatea, baina CyOne Securityren zuzendari exekutiboa Crypto AG enpresak izan zuen bera da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Alemania Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Suitza