Mundua -
Txinako neumonia
Koronabirusaren inkubazio epea 24 egunekoa izan daiteke, ikerketa baten arabera
Txinako Osasun Batzorde Nazionalak adierazi duenez, koronabirusak 1.016 pertsona hil eta 42.638 kutsatu ditu Txinan.
Agentziak | Erredakzioa
Koronabirusaren inkubazio epea 24 egunekoa izan daiteke, eta ez 14koa, aurrez uste zen bezala, Txinako osasun alorreko 37 ikertzailek, Zhong Nanshan epidemiologoak, besteak beste, egindako ikerketa baten arabera.
Caixin albiste-agentzia pribatuak ikerketaren azken zirriborroaren ondorioen berri eman du gaur; izan ere, orain arte lehen sintomatzat jotzen zen sukarra pazienteen % 43,8k agertu zuten medikuarengana lehenengo bisita egin zutenean, baina ospitaleratu ondoren % 87,9k garatu zuten.
"(Aztertutako gaixoen artean) Sukarrik ez izatea ohikoagoa da arnasbideko sindrome larriarekin eta Ekialde Hurbileko arnas sindromearekin baino; beraz, baliteke paziente horiei diagnostikorik ez egitea, kasuak zehazteko zaintza batez ere sukarraren detekzioan oinarritzen bada", esan dute.
Gauza bera gertatzen da tomografiako eskanerraren probekin, aztertutako kasuen erdietan soilik detektatu baitzituen balizko infekzio baten sintomak, baina "kezka gero eta handiagoa zegoenez azido nukleikoaren analisiak negatibo faltsu asko ematen ari direlako, mediku batzuek proposatu zuten diagnostiko-prozesurako tomografiako eskanerrak sartzea".
Lagina urtarrilaren 29ra arte diagnostikatutako koronabirus-infekzioa zuten 1.099 pazienteren artean egin zen, Txinako 31 eskualdetako 552 ospitaletan; batez beste 47 urte zituzten, eta horietatik % 41,9 emakumeak ziren.
Pazienteen artean –% 26 ez zen Wuhanera (izurritearen epizentroa) joan edo hango jendearekin kontaktuan egon zen berriki–, birusaren inkubazioaren batez besteko epea hiru egunekoa izan zen, eta ez 5,2 egunekoa, aurreko ikerketetan ondorioztatu zen moduan, nahiz eta aztertutako kasuetan 24 egunera arteko inkubazioren bat izan den.
Era berean, ikerketak erakusten duenez, koronabirusak "arnasbideko sindrome larriak eta Ekialde Hurbileko arnas sindromeak baino hilgarritasun tasa txikiagoa du", esan du Ian Lipkin epidemiologoak, AEBko Columbia Unibertsitateko Infekzio eta Immunitate Zentroko zuzendariak.
"Gutxi gorabehera, % 2ko hilkortasuna dago (koronabirusak kutsatutako pazienteen artean). Arnasbideko sindrome larriak ia % 10eko heriotza-tasa izan zuen, eta Ekialde Hurbileko arnas sindromeak, berriz, % 35 ingurukoa", adierazi du Lipkinek.
"Gripearekin alderatuta, berriz, mundu osoan 1.000 milioi kasu daude urtean, 350.000 eta 650.000 heriotza artean, nahiz eta heriotza-tasa % 0,1ekoa izan, koronabirusarena askoz handiagoa da", azaldu du epidemiologoak.
Adituaren hitzetan, epidemiaren bilakaera eta etorkizunean ezagutuko diren kasuen kopurua ikusita, koronabirus berriaren heriotza-tasa orain arte kalkulatutako % 2 baino txikiagoa izango da, eta "% 1 baino askoz txikiagoa" izango dela iragarri du.
Lipkinek kutsatzeko erraztasuna nabarmendu du, eta, beraz, ez du baztertu etorkizunean izurrite horren agerraldiak egotea.
Azken datuei dagokienez, Txinako Osasun Batzorde Nazionalak gaurko txostenean zabaldutako datuen arabera, 1.016 pertsona hil eta 42.638 kutsatu dira koronabirus berriaren eraginez Txina kontinentalean.
Hala ere, otsailaren 5etik atzemandako kasu berrien kopurua moteldu egin dela erakusten dute datu ofizialek.