Mundua -
SARRASKIA
30 pertsona hil eta 58 zauritu ditu militar batek Thailandian
Bere base militarrean, tenplu budista batean eta merkataritza-gune batean egin du tiro 32 urteko erasotzaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
30 pertsona hil eta 58 zauritu ditu tiroz militar batek Thailandian. Sarraskia Nakhon Ratchasima hirian (Korat izenaz ere ezagutzen dute) gertatu da, Thailandiako ipar-ekialdean, Thai PBS kateak jakitera eman duenez.
Chakthip Chaijinda poliziaburuak esan duenez, erasotzailea hil egin dute, eta hildakoen artean bi polizia ere badaudela baieztatu du.
Lehen ikerketen arabera, Jakkrapanth Thomma 32 urteko sarjentuak armak eta munizioa lapurtu zituen bere base militarrean (Surathampithak).
Han, soldadu bat, bere komandantea (aurretik liskarra izan omen zuen berarekin) eta 63 urteko emakume zibil bat hil zituen; azken hori bere amaginarreba zela uste dute ikertzaileek.
Ondoren, tenplu budista batera joan zen, eta hainbat pertsona hil eta zauritu zituen bertan. Handik Terminal 21 merkataritza-gunera joan zen, eta aparkalekuan ikusi zituen guztien kontra tiroka hasi zen metraileta batekin.
Hainbat ordu iraun zuen egoerak. Merkataritza-gunean gotortu zen erasotzailea, eta errenditzeko negoziazioak hasi zituen Poliziarekin. Harekin hizketan ari zirenean, merkataritza-gunean harrapatuta zeuden ehunka herritar atera ahal izan zituzten bertatik. Azkenean, tiroka hil zuten militarra.