Mundua -
Osasun larrialdia
361 pertsona hil dira Txinan koronabirusak jota
Kutsatutako lagunen kopuruak ere gora egin du: 17.205 dira dagoeneko, bezperan baino 2.829 gehiago.
Agentziak
Txinako Osasun Batzorde Nazionalak jakinarazi duenez, 361 pertsona hil dira jada koronabirusak jota, azken 24 orduetan zendutako 57ak barne. Txinako osasun agintarien arabera, kutsatutakoen kopuruak ere gora egin du: 2.829 izatetik 17.205 izatera igo da.
Wuhanen (Hubei eskualdea), koronabirusa lehertu zen hirian, 350 pertsona hil dira; gainerakoak Txinako beste hiri batzuetan zendu dira. Txinatik kanpo pertsona bakarra hil da: Filipinetan.
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) nazioarteko osasun larrialdia ezarri zuen urtarrilaren 31n. Ordudanik, Txinatik joandako bidaiariei sarbidea debekatu diete hainbat herrialdetan, hala nola Zeelanda Berrian, Australian, Iranen, Errusian, Pakistanen eta Bangladeshen.
Wuhan bera erabat itxita dago, eta gaur zabalduko dute hiri horretan Huoshenshango ospitalea. Txinako Gobernuak herrialdearen "miraria"ren ikur eta propaganda tresna bikainena bihurtu du erietxea. Izan ere, 10 egun eskasetan eraiki dute. 1.000 lagunentzako tokia du, eta 1.400 osasun beharginek egingo dute lan bertan. Kolapsatuta dauden hiriko beste erietxeen zama arinduko dute horrekin.
Bideoa | Wuhango ospitale berriak gaur irekiko ditu ateak
Trumpek ateak itxi dizkie Txinatik joandakoei
Donald Trump AEBko presidenteak harro nabarmendu du Txinatik heldutako bidaiariei ateak itxi dizkiela. "Finean, neurriak hartu ditugu Txinatik datorren inor sar ez dadin", esan du elkarrizketa batean.
"Laguntza eskaini diogu Txinari, horretan munduko onenak gara. Baina ezin diegu Txinatik datozen milaka lagun horiei sartzen utzi, koronabirusak jota egon daitezkeelako", adierazi du.
Orain arte, bederatzi kasu atzeman dituzte AEBn: bat, ekialdeko kostaldean (Massachusetts); bost, mendebaldekoan (Kalifornia eta Washington); beste bi Illinoisen, eta bat, Arizonan.