Mundua -

'Brexit'-a

Kanadakoa bezalako merkataritza-itun bat nahi du Johnsonek, EBko arauetatik at

Erresuma Batuko lehen ministroak hitzaldi bat eskaini du gaur, martxoan Europar Batasunarekin hasiko dituen merkataritza arloko negoziazioen aurrean duen jarrera azaltzeko.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak hitzaldi bat eskaini du gaur, astelehena, datorren urtetik aurrera, 11 hilabeteko trantsizio-epea amaituta, Erresuma Batuko Gobernuak ez duela Europar Batasunaren inolako "inposaketarik" onartuko azpimarratzeko.

Horrela, martxoan Europar Batasunarekin hasiko dituen merkataritza arloko negoziazioen aurrean duen jarrera gogortu du agintariak, brexita gauzatu ostean Bruselak bere planak "zapuztu" nahi dituela ohartuta.

Gaurko hitzaldian, brexita gauzatu zenean erabili zuen adiskidetasunerako hizkera alde batera utzi du Johnsonek. Izan ere, "Europar Batasunarekin lankidetza aro berri bat" hasteko prest agertu zen Erresuma Batuko lehen ministroa urtarrilaren 31n. Astelehen honetan, ordea, jarrera gogorragoa izan du, urrian lortutako akordioaren hainbat arlotan aldaketak egin nahi izatea leporatzen baitio Bruselari.

Hala, Erresuma Batuko lehen ministroak esan du Kanadakoa bezalako merkataritza-itun bat negoziatu nahi duela Bruselarekin, eta, horretarako, EBko araudien "panoplia osoa" betetzea ez dela beharrezkoa gaineratu du.

Enpresaburuen eta enbaxadoreen aurrean Londresen egindako hitzaldi batean ohartarazi duenez, tratu hori lortu ezean, iaz sinatutako erretiratze akordioan edo Bruselak Australiarekin negoziatzen duenaren antzeko itun batean oinarrituko da bi aldeen arteko merkataritza.

Bestalde, Michael Barnier Europar Batasuneko negoziatzaileak elkarrizketa horien inguruko xehetasunak eman ditu gaur, eta Europar Batasuneko kideen ildo nagusiak dituen zirriborroa aurkeztuko du.

Ildo horretatik, Europar Batasunaren interesak plazaratuko dituen ordezkariak bere jarreraren berri eman zien britainiarrei larunbatean: "Gauza bat argi dago. Europar Batasuneko estatu kide bakoitzaren eta gure herritar guztien interesak lehenetsi behar dira".

Daily Telegraph egunkariak jakitera eman duenez, Johnsonen aholkulari-taldea "haserre" dago Europar Batasunaren jarrerarekin, herrialdeak nahi duen merkataritza libreko akordio "zabala" zapuztu nahi duela uste baitute.

Dirudienez, Johnsonek Kanadakoa bezalako merkataritza libreko akordio bat nahi du, produktu gehienak muga-zergarik gabe merkaturatzea ahalbidetuko lukeena. Dena dela, itun horrek ez luke Erresuma Batuan nagusi den zerbitzuen industria bere gain hartuko.

Bruselak, aldiz, trantsizio-epe honetan Erresuma Batuak Europar Batasunaren araudia errespetatzea nahi du, eta Europako Justizia Gortearen jurisdikzioari men egitea bi aldeen artean merkataritza arloan desadostasunik izanez gero.

BBCk aurreratu duenez, ordea, Johnsonen hitzetan, negoziazioak hasten direnean "Erresuma Batuak ez du inolako inposiziorik onartuko", ezta Europar Batasuneko justiziaren epairik ere.

Europar Batasunarekin dituen elkarrizketak alde batera utzita, Erresuma Batuko Gobernuak merkataritza askeko akordioak bilatuko ditu beste herrialde batzuekin, hala nola AEBrekin, Japoniarekin, Australiarekin eta Zeelanda Berriarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eskozia Brusela Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Londres Ingalaterra Merkataritza Boris Johnson