Mundua -
ERRESUMA BATUA
Hildako bat eta hiru zauritu Londresen, "eraso terrorista" batean
Hiru pertsona labanaz zauritu ditu gizon batek, eta Poliziak tiroz hil du ondoren. Erasotzailea espetxean egon zen aurretik, terrorismoa egotzita. Zaurituetako bat larri dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizon bat hil du Polizia britainiarrak tiroz, hark hiru pertsona labankatu ostean. Erasoa eta tiroketa Streatham auzoan gertatu da, Londres hegoaldean, eta Polizia Metropolitarrak "terrorismo" gisa definitu du. Sky News kateak zabaldu duenez, Segurtasun iturriek "eraso islamista" izan dela esan dute.
Une hortan, larrialdi-zerbitzuak eta poliziak daude bertan, eta herritarrei bertara ez hurbiltzeko esan diete. Era berean, grabatu dituzten irudiak sare sozialetan ez zabaltzeko eskatu diete lekukoei.
"Hiru pertsona ospitaleratu dituzte, eta horietako bat larri dago. Bere familiari jazotakoa jakinaraziko diogu laster", azaldu du Scotland Yardek. "Bigarren biktima zauri arinak ditu, atentatuaren leku berean artatu dute eta geroago erietxera eraman. Hirugarrena ere ospitaleratuta dago, baina onik dago", gaineratu du.
BBC telebista-kateak zabaldu duenez, ustezko erasotzailea espetxeratuta egon zen aurretik, terrorismoarekin lotutako delituak leporatuta. Urtarrilaren amaieran atera zen kartzelatik, hiru urteko espetxe-zigorraren erdia beteta.
Hainbat lekukok BBCri jakitera eman diotenez, hiru tiro entzun dituzte 16:00ak aldera.
"Kalea gurutzatzen ari nintzen, eta, bat-batean, gizon bat ikusi dut aihotz bat eskuan eta zilar kolorezko bonbonak bular parean. Kalez jantzitako poliziak zeramatzan atzetik eta tiro egin diote. Hiru tiro entzun ditudala uste dut", kontatu du 18 urteko ikasle batek.
Beste lekuko batek BBCri esan dionez, "helikopteroak jaisten ikusi ditut eta anbulantzia asko". Normalean jende asko ibiltzen den inguru bat dela kontatu du eta poliziak jendeari "alde egiteko oihu" egiten ziola.
Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministroak eskerrak eman dizkie larrialdi zerbitzuei euren lanagatik, Twitterren zabaldu duen mezu batean, eta bere "pentsamenduak" zaurituekin eta haien senideekin daudela esan du.
Sadiq Khan Londreseko alkateak ohar bat kaleratu du. "Terroristek gure artean banaketa sortu eta gure bizimodua suntsitu nahi dute", idatzi du, baina "hemen, Londresen, ez dugu inoiz hori gertatzen utziko", gaineratu du.
Azaroaren 29an antzeko eraso bat izan zen. Hiru pertsona hil ziren Londresko zubitik hurbil: bi labankatuta hil zituzten, eta hirugarrena, ustezko erasotzailea, Poliziak tirokatuta.
Beste jazoera bat Belgikan
Bestalde, gizonezko bat arin zauritu da Ganten, Belgikako Poliziak tiro eginda, laban batekin hainbat oinezko erasotzen saiatu denean. Het Laatste Nieuws Belgikako kazetak jakinarazi duenez, ustezko erasotzaileak zauri arinak ditu eskuan.