Mundua -

OTSAILAK 1

"Life of Brian" komediari erreferentzia eginez hasi du EBk Brexitaren osteko aroa

Otsailaren 1 honetatik aurrera, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko harreman berri bat negoziatzeko epea ireki da. Helburua, 2021eko urtarrilean "haustura gatazkatsua" saihestea.

Europar Batasunetik irtetea festa handi batekin ospatu zuten bart Londresen. Argazkia: EFE
Europar Batasunetik irtetea festa handi batekin ospatu zuten bart Londresen.
Europar Batasuneko kide izateari utzi diola ospatu du Erresuma Batuak

2:00

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak txio esanguratsu batekin inauguratu du Brexitaren osteko lehen eguna. 47 urte eta gero, Erresuma Batua ez da jada Europar Batasuneko kidea eta Monty Python talde britainiarren "Life of Brian" umorezko filmari erreferentzia egiten dion mezua sareratu du Michelek.

"Begiratu beti bizitzaren alde onari" idatzi du Michelek bere Twitterreko kontuan, 1979ko komedia hori ixten duen abestian bezala. Eszena horretan, heriotza-zigorrera kondenatutako talde batek mezu positibo hori abesten du, txistua jotzen duen bitartean.

Txioan, Erresuma Batuko Dover herriko labarren argazkia ageri da. Itsalabar horiek dira, hain zuzen ere,  Erresuma Batuaren eta Europaren arteko puntu fisikorik gertuenekoena eta bien arteko harreman berria bihotzen emotikonoz irudikatu du, "Europat Batasunak Erresuma Batua maite du" aldarrikatuz.

Kutsu instituzionalagoa du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Michel berarekin eta David Sassoli Europako Parlamentuko presidentearekin batera sinatu, eta Europako 24 egunkaritan zabaldutako mezuak.

Zutabe horretan, Erresuma Batuko "lagunekin" harreman ona izateko ahaleginak egingo dituztela adierazi dute, baina garbi utziz, ez dituztela izango Batasuneko kide diren estatuen onura berdinak. 

Aurrera begira, Europar Batasunak etorkizuneko erronkak arrakastaz gaindituko dituela uste dute eta Brexitaren ostean, lan egiten jarraitu beharra dagoela, "eguzkia ateratzen den unetik aurrera".

Eta orain zer?

Otsailaren 1ean, 11 hilabeteko trantsizio-epea abiatuko da. Erresuma Batuak Europar Batasunaren araudia errespetatzen jarraitu beharko du, horren egituren parte izango baita oraindik ere. Dena dela, epe horretan, Londresek eta Bruselak aldebiko harreman berri bat negoziatzea espero dute, merkataritza arloko itun bat barne, 2021eko urtarrilean "haustura gatazkatsua" saihesteko.

Gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte, eta, epe hori beste urtebetez edo bi urtez luzatuz gero, Europar Batasuneko erakunde, organo, bulego eta agentzia guztiek Europar Batasuneko Zuzenbideak emandako eskumenak izaten jarraituko dute, Erresuma Batuarekin eta herrialde horretako herritar eta enpresekin. Europar Batasunaren Justizia Auzitegiak ere izango du eskumena, trantsizio-epe horretan. Eta, horrez gain, Erresuma Batuak ahalmena izango du nazioarteko akordioak ixteko, beste herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin, akordio horiek ez badira ezartzen trantsizio-epean.

Europari dagokionez, oraingoz ez da bisarik egongo, eta Erresuma Batura bidaiatzeko dokumentazioa ez da aldatuko. Europar Batasuneko herritarrek nortasun agiriarekin bidaiatu ahalko dute 2020ko abenduaren 31ra arte, gutxienez. Azkenean Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzen bada, bidaiariek pasaportea eraman beharko dute, eta ez dute bisarik beharko 90 egunetik beherako egonaldi laburretarako. Era berean, Schengen espaziora egonaldi labur baterako bidaiatzen duten britainiarrek bisarik gabe egin ahalko dute.

Erresuma Batuan bizi, lan egin edo ikasi nahi duten Europako herritar guztiek Erresuma Batuko Barne Ministerioaren prozedura berri bat gainditu beharko dute, 'EU Settlement Scheme' izenekoa, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Erresuma Batua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita