Mundua -

'BREXIT'A

Erresuma Batua ez da jada Europar Batasuneko kidea

Brexit-a "ez da amaiera bat, Erresuma Batuarentzako hasiera bat baizik" azpimarratu du Johnsonek.

Britainiarrak 'brexit'a ospatzen. Argazkia: EFE
Britainiarrak 'brexit'a ospatzen
Erresuma Batua EBtik behin betikoz atera izana ospatu dute milaka lagunek Londresen

0:59

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

00:00etatik aurrera, Erresuma Batuak Europar Batasuneko (EB) kide izateari utzi dio, taldean sartu eta 47 urte geroago, bide berri bat hasteko. Bide horretan harreman berri bat bilatuko du Europarekin eta merkataritza-hitzarmenak negoziatuko ditu.

Horrela, Erresuma Batuak amaiera eman die Europar Batasunean geratzearen edo irtetearen inguruko alderdien eta herritarren arteko hiru urte baino gehiagoko liskarrari.

Boris Johnson lehen ministroaren brexit-aren aldeko kanpainaren ondoren, 2016ko ekainaren 23an, britainiarren gehiengoak EBtik irtetea bozkatu zuen.

Boris Johnson: ''Hau ez da amaiera, Erresuma Baturako hasiera bat baizik''
Boris Johnson: ''Hau ez da amaiera, Erresuma Baturako hasiera bat baizik''
Boris Johnson: ''Hau ez da amaiera, Erresuma Baturako hasiera bat baizik''

3:33

Milaka britainiarren ospakizunen eta kantuan aurrean, brexit-a "ez da amaiera bat, Erresuma Batuarentzako hasiera bat baizik" azpimarratu du Johnsonek.

Horrela, ulerkor azaldu da gau honetan "larritasun eta galera sentimendua" dutenekin, baina bere eginbeharra, baita britainiar gobernuarena ere, "herrialdea batzea eta aurrera eramatea da” azpimarratu du.

"Hau dela zuzena eta demokratikoa uste dut", adierazi du. Horrez gain, EBk "indarra" eta "ezaugarri miresgarriak" izan arren, azken 50 urteetan Erresuma Batuarekin "bat ez datorren" norabidean aurrera egitea deitoratu du Johnsonek.

Adierazi duenez, "hau da Erresuma Batua benetan elkartzen eta hobetzen hasten den unea, delituak garaitzeko eta osasun sistema eraldatzeko". "Hezkuntza hoberenarekin, teknologia apartarekin eta azpiegituren bultzada handienarekin zabalduko ditugu itxaropena eta aukerak Erresuma Batuko bazter guztietara", azaldu du.

Bruselarekin duen harremanari dagokionez, hura "elkarlan adiskidetsu" batean oinarritzea espero duela nabarmendu du Johnsonek, "energiaz beteta dagoen" eta aldi berean "mundu mailako nahiak dituen Europako botere handi bat den” Erresuma Batuarekin. "Aukera hau izugarrizko arrakasta bilakatu dezakegu", ziurtatu du.

Erresuma Batuko bandera ez dago jada Europako erakundeetan, agintarien erreakzioak:

Gauerdian brexit-a bete baino ordu batzuk lehenago, Europar Batasuneko agintariek Erresuma Batuko bandera jaitsi dute erakundeetatik, EBko gainerako 27 Estatuen ondotik.

Otsailaren 1eko larunbat honetatik aurrera, Erresuma Batua ez dago jada EB barruan, eurodiputatu britainiarrek Europako Parlamentuko kide izateari utziko diote eta ministroek ez dute parte hartuko kontseiluetan.

Erresuma Batuko bandera Europako erakunde guztietatik kendu dute
Erresuma Batuko bandera Europako erakunde guztietatik kendu dute
Erresuma Batuko bandera Europako erakunde guztietatik kendu dute

1:13

Frantziako Emmanuel Macron presidenteak brexit-a "herrialde guztiei hausnartzera behartzen gaituen alarma historikoaren seinalea" dela adierazi du. Bere ustez, Erresuma Batua EBtik irteera posible izan da "Europa gure zailtasunen erruduna bihurtu dugulako".

2016ko erreferendumaren kanpaina "zenbat gezurrekin, manipulaziorekin eta gehiegikeriarekin" egin zen gogorarazi du Macronek. Horrek "gure demokrazien inguruan gezurrak zer egin dezakeen pentsatzera behartzen du", adierazi du Frantziako presidenteak.

"Inoiz baino gehiago, Europa gehiago behar dugu orain. Ziur nago soilik Europa indartuta egin dezakegula aurrera, arruntagoa bilakatzeko eta herritarrengana hurbiltzeko", adierazi du presidenteak.

Bere aldetik, Alemaniako Angela Merkel kantzilerrak Erresuma Batuaren irteera "ebaki sakon bat" dela adierazi du 27entzat. Hala ere, "barne-merkatuko baldintzetatik aldentzen den heinean, gehiago aldatuko dira etorkizuneko harremanak", ohartarazi du.

Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko etorkizuneko harremanen negoziaketak "urte hau markatuko dute" adierazi du Merkelek. Harreman horiek Michel Barnier 27en ordezkariak eramango dituela bereziki gogorarazi du, Londresekiko jarrera batu bat dagoela ziurtatzeko.

Europari dagokionez, Ursula von der Leyen (Europako Batzordea), David Sassoli (Europako Parlamentua) eta Charles Michel (Europako Kontseilua) Europar Batasuneko hiru erakunde nagusietako presidenteek Erresuma Batua agurtu dute, etorkizunerako aliantza baterako lan egiteko konpromisoarekin. Era berean, brexit-a batasunerako eta mundu mailako lidergorako "egunsenti berri bat" bezala aprobetxatzera deitu dute.

Europako erakundeetako liderrek Erresuma Batuak azken bost hamarkadetan egindako ekarpenak nabarmendu dituzte eta herrialdeak hartutako erabakiaz deitoratzen dira.

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakaria harremanetan jarri da Espainiako Gobernuko Pedro Sanchez presidentearekin "Euskadiren lehentasunen defentsa" azpimarratzeko brexit-aren aurrean. Lehentasun horien artean aurkitzen dira negozio harremanak, arrantza hitzarmena eta Britainia Handiarekin zerikusia duten enpresa euskaldunen egoera.

Horrez gain, gaur brexit-aren eguna dela nabarmendu du Urkulluk. "Euskadik Europaren aldeko apustua egiten du", adierazi du Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko duela, akordio on baten bitartez, erronka hau aukera batean bilakatzeko.

Eta orain zer?

Otsailaren 1ean, 11 hilabeteko trantsizio-epea abiatuko da. Erresuma Batuak Europar Batasunaren araudia errespetatzen jarraitu beharko du, horren egituren parte izango baita oraindik ere. Dena dela, epe horretan, Londresek eta Bruselak aldebiko harreman berri bat negoziatzea espero dute, merkataritza arloko itun bat barne, 2021eko urtarrilean "haustura malkartsua" saihesteko.

Erresuma Batua Europar Batasunetik irtetea ibilbide luze baten azken edo azken-aurreko kapitulua da, eta hainbat protagonista izan ditu . Lehen ministroek, buruzagi euroeszeptikoek, negoziatzaile europarrek eta gainerako eragileek sortu ahala konpondu dituzte arazoak, polemika artean.

Gutxienez 2020ko abenduaren 31ra arte, eta, epe hori beste urtebetez edo bi urtez luzatuz gero, Europar Batasuneko erakunde, organo, bulego eta agentzia guztiek Europar Batasuneko Zuzenbideak emandako eskumenak izaten jarraituko dute, Erresuma Batuarekin eta herrialde horretako herritar eta enpresekin. Europar Batasunaren Justizia Auzitegiak ere izango du eskumena, trantsizio-epe horretan. Eta, horrez gain, Erresuma Batuak ahalmena izango du nazioarteko akordioak ixteko, beste herrialdeekin edo nazioarteko erakundeekin, akordio horiek ez badira ezartzen trantsizio-epean.

Europari dagokionez, oraingoz ez da bisarik egongo, eta Erresuma Batura bidaiatzeko dokumentazioa ez da aldatuko. Europar Batasuneko herritarrek nortasun agiriarekin bidaiatu ahalko dute 2020ko abenduaren 31ra arte, gutxienez. Azkenean Erresuma Batua Europar Batasunetik akordiorik gabe ateratzen bada, bidaiariek pasaportea eraman beharko dute, eta ez dute bisarik beharko 90 egunetik beherako egonaldi laburretarako. Era berean, Schengen espaziora egonaldi labur baterako bidaiatzen duten britainiarrek bisarik gabe egin ahalko dute.

Erresuma Batuan bizi, lan egin edo ikasi nahi duten Europako herritar guztiek Erresuma Batuko Barne Ministerioaren prozedura berri bat gainditu beharko dute, 'EU Settlement Scheme' izenekoa, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Iñigo Urkullu Europa Erresuma Batua Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Brexita Zer da Brexita Emmanuel Macron Boris Johnson