Mundua -
Dardara
7,7 indarreko lurrikara batek Jamaika eta Kuba astindu ditu, biktimarik utzi gabe
Handik gutxira tsunami alerta ezarri dute Jamaikan, Kuban, Mexikon, Belizen, Hondurasen eta Kaiman Uharteetan, baina ordu batzuetara bertan behera geratu da.
Agentziak | Erredakzioa
Lurrikara indartsu batek, 7,7ko indarra Richter eskalan, Karibea astindu du astearte honetan, eta tsunami alerta piztu behar izan dute eskualdean. Zorionez ez da inor zauritu. Kalte materialak izan dira, hori bai.
Dardara 7,7 gradukoa izan da, eta Jamaikako kostaldetik 125 kilometro ipar-mendebaldera eta Kubatik 80 kilometro hego-ekialdera jazo da, 20:10ean, 10 kilometroko sakoneran. Ondoren, bost erreplika egon dira (4,4ko indarrekoak) Kaiman Uharteetatik 49 kilometro hego-ekialdera eta seigarren bat, 6,1ekoa. Horren ondorioz, tsunami alerta piztu dute Jamaikan, Kuban, Mexikon, Belizen, Hondurasen eta Kaiman Uharteetan. Dena dela, ordu batzuetara bertan behera geratu da.
Kuban, uharte guztian sentitu dute, baina ez da kalte materialik izan. Inor ez da zauritu. Habanan eraikin altuak ebakuatu dituzte. Gauza bera egin dute Jamaikako hiriburuan, Kingstonen. Larrialdiei eta Hondamendiei aurre egiteko Bulegoak jakinarazi duenez, han ere ez da inor zauritu eta ez da aparteko kalte materialik.
Bahametan, sektore publikoko zerbitzuak bertan behera geratu dira.
AEBko Zerbitzu Geologikoaren arabera, Miami hiriko biztanleek dardara sentitu dutela adierazi dute. Brickell finantza eremuko eta Miami erdiguneko, zein Dadeland eta Aventura gune komertzialetako bizilagun eta langileak izututa atera dira kalera. Eraikin batzuk hustu dituzte, badaezpada.