Mundua -

Pneumonia

10 egunean, 1.000 oheko ospitale bat eraikitzen saiatuko da Txina

Koronabirusak 26 hildako utzi ditu dagoeneko, eta 887 kasu baieztatu dituzte Txinan. Hubei probintziako zortzi hirik bertan behera utzi dute garraioa.

Txinak 10 egunetan ospitale berri bat eraikitzeko asmoa du Wuhanen. Argazkia: EFE
Txinak 10 egunetan ospitale berri bat eraikitzeko asmoa du Wuhanen. Argazkia: EFE
Txinak ospitale berri bat eraikiko du 10 egunetan Wuhanen

0:44

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusak eragindako 'Wuhango pneumoniak' jota 26 pertsona hil dira dagoeneko, Herriaren Egunkariak jakitera eman duenez. Gainera, 887 kasu diagnostikatu dituzte Txinan.

Txinako Osasun Batzorde Nazionalak hildako bat eta 57 kutsatu gutxiagoren berri eman du goizean.

Atzo eta gaur artean Hubei probintziatik kanpo gertatu diren lehen bi heriotzen berri eman dute. Koronabirusaren agerraldiaren epizentroa izan da Hubei.

Batzordeak jakinarazi duenez, 177 paziente oso larri daude. Herriaren Egunkariak azaldu duenez, Wuhango pneumonia izan duten 35 paziente sendatu dira, eta medikuen sendagiria jaso dute dagoeneko.

Hubei probintziako zortzi hirik (besteak beste, 11 milioi biztanleko Wuhan hiriburua) bertan behera utzi dute garraioa, eta zenbait probintziak osasun alerta maila gorenean jarri dute birusa zabaltzea eragozteko.

Pekinen eta Hong Kongen Urteberriko ospakizunak (bihar hasten dira)  bertan behera utzi dituzte. Gainera, Txinako hiriburuko toki turistiko batzuk itxi dituzte.

10 egunean, ospitale bat egingo dute

Izurriteari aurre egiteko, Txinako Osasun Batzorde Nazionalak jakinarazi du herrialde osoko osasun-langileak ari direla mobilizatzen, Wuhango taldeei laguntzea helburu; halaber, aurreikuspena da hirian premiaz ospitale bat eraikitzea, kutsatuta dauden gaixoei artatzeko.

Shanghaiko ospitale batzuetatik iritsiko diren 135 osasun-langilek osatutako lehen taldea prest dago ostiral gauean Wuhanera joateko, hegazkinez. Gainera, Shanghaitik ere, 405 osasun-langile bidaliko dituzte Wuhanera, hiru taldetan banatuta.

Guangdong probintziako bederatzi ospitaletik, horrez gain, 205 kidek osatutako laguntza-talde bat ere prestatu dute. Aurki abiatuko da talde hori Wuhanera.

Halaber, agintariek iragarri dute ospitale berezia eraikiko dutela, kutsatutako hainbat gaixo artatzeko. Ospitaleak 25.000 metro koadroko azalera eta 1.000 ohe izango ditu, eta asmoa da bi aste barru lanean ibiltzea, otsailaren 3a iritsi aurretik.

Eraikuntza-taldea ospitalea egingo duten tokian dago jada: “Wuhanen geratzen diren langile guztiak prest daude, txandaka lan egin eta lana eguneko 24 orduetan bermatzeko”, adierazi du Zhang Chongxi errepideak eta zubiak eraikitzen dituen Wuhan Construction enpresako gerente nagusiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Erizaintza COVID kasuak