Mundua -

Jerusalem

Holokaustotik bizirik atera ziren biktimak, zeremoniarekin pozik ez

800 gonbidatuetatik sarraskitik bizirik atera ziren pertsonak 100 soilik izan dira. AEBek eta Israelek Iranen aurka egin dute ekitaldian. Errusiak Polonia kritikatu du ez parte hartzeagatik.

Zeremonia Jerusalemeko Holokaustoaren Museoan. Irudia: Agentziak
Zeremonia Jerusalemeko Holokaustoaren Museoan. Irudia: Agentziak
Zeremonia Jerusalemeko Holokaustoaren Museoan. Irudia: Agentziak

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auschwitz-Birkenau nazien kontzentrazio-esparrua askatu zutela 75 urte bete dira. Jerusalemeko Holokaustoaren Museoan zeremonia egin dute. Antisemitismoaren eta estremismoaren aurkako mezua zabaldu dute nazioarteko agintariek eta ordezkariek, baina baita Iranen aurkako hitzak ere.

"Antisemitismoaren bultzatzaile nagusia" izatea egotzi dio Mike Pence Amerikako Estatu Batuetako presidenteordeak Teherani. Bestalde, nahiz eta ez aipatu, Polonia hizpide izan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak: "heriotzaren esparruak ez zituzten bakarrik naziek maneiatu, haien borreroek ere". Polonia ez da ekitaldian izan.

Ekitaldi nagusia hasi baino lehen, Ukrainako ordezkaritzak sarraskitik bizirik atera ziren pertsonei eserlekuak utzi dizkie; izan ere, biktimak haserre agertu dira zeremoniarekin. 800 gonbidatuetatik sarraskitik bizirik atera ziren pertsonak 100 soilik izan dira.

Duela 75 urte askatutako kontzentrazio-esparruan hildako pertsonen memoria ondratu du Holokaustoaren Nazioarteko Bosgarren Foroak ostegun honetan. Israelentzako jardunaldi historikoa izan da. Nazioarteko 40 buruzagi baino gehiagok parte hartu dute.

Reuven Rivlin Israelgo presidentearen hitzaldi hunkigarri baten ostean, Benjamin Netanyahu jarduneko lehen ministroak hartu du hitza, eta Iranen gaineko presioa areagotzeko eskatu dio munduari.

Gainera, Holokaustoaren lezioak erabili ditu Netanyahuk: "suntsitu nahi dutenen mehatxuak serioan hartzen ikasi zuen herri juduak". Israelek "egin beharrekoa egingo du"bere burua defendatzeko, ohartarazi duenez. Donald Trump AEBko presidenteak Teheranen kontra agertutako jarrera sendoa eskertu du Netanyahuk.

Putin: "Heriotzaren esparruak ez zituzten bakarrik naziek maneiatu, haien borreroek ere"

Ekitaldiaren izaera politikoa zeremonia hasi baino askoz lehenago agerian geratu da. Andrzej Duda Poloniako (Auschwitz-Birkenau bertan dago) presidenteak joateari uko egin zion, ekitaldi nagusian tarterik izango ez zuela argudiatuta.

Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea, ostera, "erruaren karga historikoarekin" aurkeztu da, eta autokritika gogorra egin du. Bere herrialdean juduen aurka egin dituzten azken erasoak gaitzetsi ditu buruzagiak, esplizituki ultraeskuina aipatuz, azken urteetan Alemanian gora egin baitu.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea kezkatuta agertu da, "antisemitismoaren itzal iluna berpizten ari delako2. Europari batasuna eskatu dio Macronek: 2baturik mantendu behar da, sekula ez ahaztu eta zatitu. Hori da gure ikasbidea".

Memoriaren argi-zuzi bat piztu dute sarraskitik bizirik atera ziren biktimek, baina zeremonian nazioarteko buruzagiak izan dira protagonistak. Horregatik, Holokaustotik bizirik atera ziren ia 200.000 pertsonetako batzuk kexu agertu dira Israelen, ekitaldira joaterik izan ez dutelako.

Agintariek lore eskaintzak egin dituzte, besteak beste, Felipe VI.a erregeak eta Alberto Fernandez Argentinako presidenteak. Ondoren hildakoengatik otoi egin dute, baita minutu bateko isilunea gorde ere. ‘Hatikva’ Israelgo ereserkiak ekitaldi historikoari amaiera eman dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina azken orduko Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin albisteak Alemania Frantzia Arrazismoa Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Macron azken ordukoa Zer gertatu da gaur Varsovian? Netanyahu, Israelgo lehen ministroa Jerusalem Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?