Mundua -
Erresuma Batua
'Brexit'aren legea behin betiko onartu dute Erresuma Batuan
Horrela, bada, Erresuma Batua urtarrilaren 31n aterako da Europar Batasunetik. Ondoren, hamaika hilabeteko trantsizioa izango da, Londresek eta Bruselak bi aldeen arteko harremana negoziatu dezaten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko ituna behin betiko onartu dute eta Isabel II.a erreginak berrestea baino ez da falta indarrean sartu dadin.
Lorden Ganberak onartu egin du Boris Johnson lehen ministroak bultzatutako legea eta, ondorioz, brexit-a hilaren 31n gauzatuko da.
Testua behin betiko onartu aurretik, Komunen Ganberan kontserbadoreek –gehiengo aboslutua daukate- atzera bota dituzte Lorden Ganberak legean egindako hainbat aldaketa.
Besteak beste, ondoko zuzenketak indargabetu dituzte: Europar Batasuneko hiritarrek Erresuma Batuan bizi ahal izateko agiri bat egin behar izatea; adin txikiko migratzaileen eskubideak babesteko klausula bat ezartzea; eta brexit-a gauzatu ostean Eskoziari eta Galesi eskumenak bueltatzea.
Otsailaren 1ean trantsizio-epe bat jarriko dute martxan. 2020ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean eta denbora tarte horretan Erresuma Batuak Europar Batasuneko egiturei eta arauei lotuta segituko du.
Hamaika hilabete horietan Londresek eta Bruselak bi aldeen arteko harreman instituzionala eta ekonomikoa negoziatu eta adostu beharko dute.