Mundua -

Hondamendi naturalak

100.000 pertsona inguru ebakuatuta Filipinetan, Taal sumendiaren erupzioaren ondorioz

Uharte osoa ebakuatzeko beharraz ohartarazi du Filipinetako Bolkanologia eta Sismologia Institutuak, beste erupzio arriskutsu bat izango delakoan.

Filipinetako Taal sumendiaren irudia. Argazkia: EFE
Filipinetako Taal sumendiaren irudia
Filipinetako Taal sumendiaren irudia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100.000 lagun inguru euren etxeetatik irtenarazi dituzte Filipinetako Calabarzon eskualdean, Taal sumendiaren erupzioaren ondorioz, Hondamendi Naturalak Kudeatzeko Batzorde Nazionalak ostiral honetan jakitera eman duenez.

Orain arte, 70.413 herritar ebakuatu dituzte guztira, 16.000 familia inguru, eta herrialde osoko 300 harrera-zentrotara bidali, 'Philstar' kazetak jaso duenez. Batangas eta Cavite probintzietan kalamitate-egoera ezarri dute, eta 12.267 polizia lanean dabiltza bertan.

Uharte osoa eta sumenditik 14 kilometrora dauden zonaldeak ebakuatzeko beharraz ohartarazi du Filipinetako Bolkanologia eta Sismologia Institutuak, datozen orduetan edo egunetan beste erupzio arriskutsu bat izango delakoan. Hori dela eta, laugarren mailako alertari eutsi diote. Gainera, errautsek eragindako ondorioez babesteko gomendatu diete herritarrei.

Su Eraztunean daude Filipinak, Ozeano Barean, lurrikarak izaten diren sumendi-zonalde batean. Filipinetako sumendi aktiboenetariko bat da Taal. Azken bost mendeetan 30 erupzio baino gehiago izan ditu. Azkena 1977. urtean izan zen. 1911ko erupzioan 1.500 lagun hil ziren, eta 1754ko erupzioak hainbat hilabete iraun zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Sumendiak Filipinak Hondamendi naturalek kaltetutakoak