Mundua -

Errusia

Hauek dira Putinek egin nahi dituen aldaketak, eta ministroen dimisioa eragin dutenak

1993ko Konstituzioan aldaketa sakonak proposatu ditu Errusiako presidenteak, eta, ondorioz, Dmitri Medvedev lehen ministroak eta Gobernuko ministro guztiek kargua utzi dute.

Vladímir Putin, Errusiako presidentea. Artxibokoa argazkia: EFE
Vladímir Putin, Errusiako presidentea.
Vladímir Putin, Errusiako presidentea. Artxibokoa argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako Konstituzioan aldaketa sakonak egin nagi dituela iragarri zuen atzo, asteazkena, Vladimir Putin Errusiako presidenteak, herrialdearen egoerari buruzko hitzaldian. Horren ondorioz, Dmitri Medvedev lehen ministroak eta Gobernuko ministro guztiek kargua utzi dute, aldaketak ahalbidetzeko asmoz.

Medvedevek ziurtatu duenez, zuzenketa horiek ez diote soilik Konstituzioari eragingo, botere Exekutiboaren, Legegilearen eta Judizialaren arteko orekari ere eragingo baitio.

Testuinguru horretan, hauek dira mandatariak 1993ko Konstituzioan egin nahi dituen zuzenketa nagusiak, Parlamentuari eskumen gehiago eman eta Errusiako sistema presidentzialista mantentzeko asmoz:

1.- Putin ados dago presidentearen agintaldiak bira mugatzearekin. Izan ere, Konstituzioak gaur egun jartzen duen muga bakarra da presidenteak bi agintaldi jarraian egin ostean kargua utzi behar duela. Hala ere, ez dio debekatzen gerora Kremlinera itzultzea.

Klausula hori dela eta, Putin zortzi urtez jarraian (2000-2008) izan zen Errusiako presidentea, bi agintalditan. Hurrengo lau urteetan, lehen ministro izan zen, eta 2012ko martxoan, hauteskundeak irabazi ondoren, presidente kargua eskuratu zuen berriro.

2.- Aurrerantzean, Dumak edo Behe Ganberak lehen ministrorako hautagaitza bozkatzea nahi du agintariak. Orain arte, ordea, oniritzia eman besterik ez zuen egiten. Gauza bera gertatuko da ministroekin eta Gobernuko gainerako kideekin.

Presidenteak ezin du atzera bota Behe Ganberaren erabakia, baina Gobernua desegiteko aukera izaten jarraituko du. Halaber, Indar Armatuen eta segurtasun-organoen gaineko zuzeneko agintea izaten jarraituko du.

3.- Presidentegai izateko, beharrezkoa izango da gutxienez azken 25 urteetan Errusian bizi izana (orain arte 10 urte behar ziren), eta ezingo dute errusiarra ez den beste hiritartasunik eduki edo atzerriko herrialderen batean bizitzeko baimenik izan.

Proposamen horrek azken urteetan Errusiatik alde egin duten edo atzerrian egonaldi bat egin duten hautagai asko ezgaitzen ditu.

4.- Estatuko funtzionarioek ere ezingo dute herritartasun bikoitzik izan, ezta atzerrian bizileku-baimenik ere, ministro zein epaile edo eskualdeetako buru izan.

5.- Nazioarteko itunak Errusiako Konstituzioa eta errusiarren eskubideak eta askatasunak urratzen ez badituzte ezarriko dira herrialdean, Putinen proposamenaren arabera.

6.- Aldaketa horiek guztiak erreferendum bidez onartzea nahi du Errusiako presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak