Mundua -
AEB
Ordezkarien Ganberak Senatura bidali du Trump kargugabetzeko prozesua
Horrela, datozen egunetan hasiko da epaiketa politikoa. Trumpek "iruzur"tzat jo du prozesua, eta Etxe Zuriak berretsi du presidenteak ez duela "ezer txarrik" egin.
agentziak | erredakzioa
Ordezkarien Ganberak Donald Trump AEBko presidentearen aurkako karguak Senatura bidaltzearen alde bozkatu du gaur; beraz, Goi Ganberan kargugabetzeko prozesua ('impeachment') edo epaiketa politikoa hasteko azken urratsa egin du.
Behe Ganberako bozketan kargugabetzeko prozesuaren artikuluak Senatura igortzea eta Goi Ganberan Trumpen aurkako akusazioaz arduratuko diren zazpi kongresistak berrestea erabaki dute, bozketa bidez.
Aukeratu dituzten Kongresuko kideak hauek dira: Jerry Nadler Batzorde Judizialeko burua, Adam Schiff Inteligentzia Batzordeko burua, Zoe Lofgren Administrazio Batzordeko burua, eta Hakeem Jeffries (New York), Val Demings (Florida), Jason Crow (Colorado) eta Sylvia Garcia (Texas) kongresistak.
Gaurko bozketarekin, Ordezkarien Ganberak Trumpen aurkako 'impeachment'aren kontrola galdu du, irailean ikerketa ofizialki abian jarri zenetik bere esku egon ostean.
Horrela, datozen egunotan hasiko da epaiketa politikoa.