Mundua -
Filipinak
Filipinetako Taal sumendia laba botatzen hasi da, 'berehalako erupzio' baten aurretik
Filipinetako bigarren sumendi aktiboena da, baina horren kraterrean dagoen lakuak turista ugari erakartzen ditu. 33 aldiz izan du erupzioa 1572tik.
Agentziak | Erredakzioa
Filipinetako iparraldean dagoen Taal sumendia laba jaurtitzen hasi da astelehen honetan, atzo bertan Filipinetako Bulkanologia eta Sismologia Institutuak "berehalako erupzio arriskua" zegoela ohartarazi ostean. Horrez gain, "sumendi-tsunamia" izan daitekeela ohartarazi dute adituek.
Testuinguru horretan, alerta egoera ezarri zuten atzo Manilan, sumendia hiriburutik 66 kilometrora baitago. Atzo arratsaldean, errautsa eta lurruna botatzen hasi zen, eta, hori dela eta, 45.000 herritar inguru ebakuatu dituzte, tokiko larrialdietarako zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Egoerak okerrera egiten badu, ordea, gutxienez 200.000 pertsona gehiago atera beharko dituzte etxetik, Filipinetako agintarien esanetan.
"Taal sumendiaren krater nagusiaren jarduera eruptiboa nabarmen areagotu da azken orduetan, eta izpi bolkanikoak, errauts-hezea eta 10 eta 15 kilometro arteko altuera harrapatu duen lurrunezko zutabea eragin ditu erupzioak, besteak beste, Quezon hirian", Filipinetako Bulkanologia eta Sismologia Institutuaren arabera.
Rodrigo Duarte herrialdeko presidenteak milaka pertsona lekualdatzeko agindua eman du, arriskutsua baita sumenditik gertu egotea, eta horiek birkokatzeko neurriak hartu ditu jada.
Bestalde, Manilako Nazioarteko Aireportuko Agintaritzak bertan behera utzi ditu gaurko aurreikusitako hegaldi guztiak, sumendia aireportutik gertu baitago. "Taal sumendiaren erupzioaren ondorioz, hegaldi guztiak atzeratu dira, bai bertara iristekoak zirenak, bai bertatik abiatzekoak zirenak", jakinarazi du erakundeak, ABS-CBN telebistak zabaldu duenez.
Gainera, eskolak eta garraio zerbitzu publiko batzuk (Manilako metroa, esaterako) bertan behera geratu dira. Balete, San Nikolas eta Talisay udalerrietan ere, garraioak eten dituzte, baita 11 probintziatan ere, Batangan, besteak beste, sumendia eskualde horretan baitago.
Taal sumendia Filipinetako bigarren sumendi aktiboena da, baina horren kraterrean dagoen lakuak turista ugari erakartzen ditu. 1572tik 33 aldiz izan du erupzioa, 1977ko urrian izan zen azkena, eta 1911n eragin zituen hildako gehien, 1.300 baino gehiago, hain zuzen ere.