Mundua -
Ukrania
Irango Abiazio Zibilak esan du ez zuela misil batek eraitsi hegazkin ukrainarra
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak, berriz, esan du hegazkina "Irango misil batek" eraitsi zuela frogatzen duten datuak dituela bere gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Ali Abedzadeh Irango Abiazio Zibilaren Erakundeko buruak ostiral honetan berretsi du Teheranen (Iran) istripua izan zuen Ukrainako hegazkina ez zuela misil batek eraitsi, eta kutxa beltzen analisiaren emaitzari itxarotea eskatu du.
"Kutxa beltzak aztertu aurretik gertatutakoari buruzko edozein iruzkin edo txosten ez dira baliozkoak, baina esan diezazuket (hegazkina) ez zuela misil batek harrapatu", azpimarratu du Abedzadehek prentsaurrekoan.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak adierazi duenez, Teheranen eroritako Boeing 737 hegazkina "Irango misil batek" eraitsi zuela frogatzen duten datuak ditu bere gobernuak. Vladimir Zelenski Ukrainako presidenteak hipotesi hori ez dagoela baieztatuta adierazi du, baina ez duela baztertzen nabarmendu du.
"Misil batek hegazkina harrapatu izanaren hipotesia ez du baztertzen, baina gaur egun ez dago baieztatuta", idatzi du Facebooken Ukrainako agintariak.
Era berean, dei egin die nazioarteko kideei, lehenik eta behin Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako eta Erresuma Batuko gobernuei, "hondamendiari buruzko datu eta froga guztiak ikerketa batzordeari emateko".
Zelenskiren hitzetan, Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariarekin hitz egingo du gaur UIAren Boeing 737-800 hegazkinaren ezbeharraren inguruan. 176 bidaiari hil ziren bertan.
Kanadak eta AEBk jakitera eman dutenez, Ukrainako hegazkina Teheran eta Kiev arteko hegaldia egiten ari zen erori zenean, eta ez dute baztertzen misil batekin eraitsi izana.
"Gure helburua egia ezagutzea da. Gure ustez, nazioarte osoaren betebeharra da hildakoen familien eta biktimen oroimenaren aurrean. Giza bizitzaren balioa edozein gogoeta politikoren gainetik dago", esan du Ukrainako presidenteak.