Mundua -
Erresuma Batua
Komunen Ganberak 'brexit'aren legea onartu du
Testua orain Lorden Ganberan bozkatuko dute, baina ganbera horretan Boris Johnsonen alderdiak ez dauka gehiengoa ziurtatuta eta, ondorioz, tramitazioa atzeratu egin daiteke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Komunen Ganberak onartu egin du Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko baldintzak ezartzen dituen akordioaren legea.
Espero bezala, Boris Johnsonen Gobernuak abenduko hauteskundeetan lortutako gehiengo absolutua baliatu du eta legea babesa zabalarekin onartu dute: 330 boto alde eta 231 kontra.
Gabonen aurretik, diputatuek lehendabiziko urratsa eman zuten Parlamentuan, Europar Batasunetik urtarrilaren 31n ateratzeko testuari oniritzita emanda.
Brexit-aren legea orain Lorden Ganberan bozkatu beharko dute, baina Gobernuak ez dauka gehiengo ziurtatuta eta, ondorioz, tramitazioan atzerapenak izan daitezke.
Lordek legea aldatzea erabakitzen badute, egitasmoa berriro bozkatu beharko dute Komunen Ganberan. Onartuz gero, azken pausua Isabel II.a erreginaren onespena jasotzea izango da.
Gobernu britainiarraren bozeramaile batek prozedura gehiago ez oztopatzeko eskatu die parlamentariei. "Herritarrek (hauteskundeetan) argi adierazi zuten brexit-a gauzatzea nahi dutela", azpimarratu du.