Mundua -
AEb-Iran gatazka
AEBk eta Kanadak uste dute Iranek eraitsi zuela Teheranen erori zen hegazkina
Donald Trumpek iradoki du Iranek "nahi gabe" eraitsi zuela hegazkina. Irango Gobernuak ukatu egin du hegazkina misil baten eraitsi izanaren hipotesia.
AGENTZIAk | ERREDAKZIOA
AEBk eta Kanadak uste dute Iranek eraitsi zuela asteazkenean Teheranen erori zen hegazkina. 176 pertsona hil ziren ezbehar horretan.
Horren ildotik, Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak esan du Iranek jaurtitako misil batek eraitsi zuela hegazkina, eta baduela hori frogatzeko informazioa.
"Hainbat iturritako Inteligentzia datuak ditugu, bai gureak bai aliatuenak. Frogek erakusten dute hegazkina lurretik jaurtitako misil irandar batek eraitsi zuela hegazkina", nabarmendu du agintariak, eta gaineratu du balitekeela "nahi gabe" gertatu izana.
Trudeauri galdetu diote ezbeharra AEBren errua ote den, Qasem Soleimani jeneral irandarra hiltzeagatik, eta agintariak erantzun du hala dela diruduela. “Ikerketa sakona egin beharko da zehazki zer gertatu den argitzeko”, erantsi du.
Bestalde, CBS telebista kate estatubatuarraren arabera, AEBko Inteligentzia zerbitzuek bi misil jaurtiketa antzeman zituzten hegazkina erori baino lehen. Ezbeharra Iranek Iraken AEBren base militar batzuei eraso eta ordu batzuetara jazo zen.
Gainera, antza denez, misil arrastoak aurkitu dituzte hegazkinak talka egin zuen lekuan.
Gaur bertan, Donald Trump presidenteak esan du "susmoak" dituela. "Baliteke beste aldean norbaitek akats bat egin izana", esan du agintariak, eta gaineratu du: "hegazkina zailtasunak dituen auzo batetik ari zen hegan egiten, eta baliteke norbaitek akatsa egin izana. Batzuek esan dute akats mekanikoa izan zela, baina nik uste dut ez zela hala izan".
Bestalde, abioia Iranek jaurtitako misil batek jotzen duela erakusten omen duen bideo bat argitaratu du gaur The New York Times egunkariak.
Irudian, leherketa bat ikus daiteke, objektu batek hegazkina kolpatu eta berehala.
Komunikabide horren arabera, pilotua Teheranera bueltatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
Teheranen bertsioa
Bestalde, Irango Abiazio Zibilak bere bertsioaren berri eman du gaur. Horren esanetan, hegazkinak akatsak zituen eta pilotuak ez zuen horien berri eman.
Gainera, erori baino lehen, aparatuak sutea izan zuela azaldu dute.
Testuinguru honetan, Ali Abedzade Abiazio Zibileko buruak esan du "zientifikoki ezinezkoa" dela misil batek eraitsi izana hegazkina.
Irango agintariek ohartarazi dute "logikarik gabeko zurrumurruak" direla AEBren eta Kanadaren akusazioak.