Mundua -

Irak

Bi kohete erori dira AEBk Bagdaden duen enbaxadaren inguruan

Oraingoz ez dute argitu erasoa nork egin duen, ezta jaurtigai horien ondorioz biktimarik edo kalte materialik izan ote den ere.

Tropa estatubatuarrak Bagdaden. Artxiboko argazkia: EFE
Tropa estatubatuarrak Bagdaden.
Tropa estatubatuarrak Bagdaden. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi kohete jaurti dituzte Ameriketako Estatu Batuek Bagdaden duten enbaxadaren ingurura. Jaurtigaiak Gune Berdean erori dira, Gobernuaren eraikinak eta nazioarteko herrialdeen ordezkaritzak biltzen diren gunean.

Irakeko Barne Ministerioko iturri batek EFE agentziari azaldu dionez, Katiusha motako bi kohete erori dira ingurune horretan, baina oraingoz ez dakite erasoa nork egin duen, ezta biktimarik edo kalte materialik izan bada ere.

Azken bost egunetan horrelako hiru erasoaldi izan dira Bagdad erdigunean; izan ere, larunbatean eta igandean beste hainbat kohete jaurti zituzten. Eraso horietako batean bost zibil zauritu zituzten.

Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin du azken egunotan. AEBko Armadak Qasemn Soleimani jeneral irandarra hil zuen ostiralean Bagdad inguruan, eta bart Irakeko bi base militar estatubatuarri eraso eginez erantzun du Iranek. Eraso horrek biktimarik eragin ez zuela esan dute AEBko eta Irakeko gobernuek.  

Soleimaniren kontrako erasoan, talde xiita bateko buruzagi bat ere hil zuten. Talde horrek mendekua hartuko duela agindu, eta AEBren kontrako erasoak egingo dutela ohartarazi du.   

Nolanahi ere, Bagdadeko Gune Berdean ohikoak dira koheteak erabiliz egindako erasoak eta AEBren eta Iranen arteko gatazkak okerrera egin aurretik ere izan dira erasoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Iran