Mundua -
Gatazka
Khameneik esan du erasoa ez dela nahikoa: 'AEB kanporatu behar dugu'
Iranek tropa estatubatuarrak dituzten Irakeko bi base militar bonbardatu ditu. Irango lider gorenak ohartarazi duenez, AEBk Ekialde Erdikoan duen "presentzia ustelari amaiera eman behar zaio".
Agentziak | Erredakzioa
Ali Khamenei Irango lider gorenak esan duenez, Iranek tropa estatubatuarrak dituzten Irakeko bi base militarren aurka egindako erasoa ez da mendeku "nahikoa"; izan ere, beharrezkoa da Ameriketako Estatu Batuen tropak Ekialde Erdikotik kanporatzea.
"Zaplaztekoa eman zaie, baina ekintza militar hau ez da nahikoa; AEBren presentzia ustelari amaiera eman behar zaio", nabarmendu du liderrak Qom hirian, telebistaz zabaldutako hitzaldi batean. Guardia Iraultzaileak egin ditu baseen aurkako bonbardaketak, Qasem Solemaini jeneralaren hilketari erantzuteko asmoarekin.
Jendetza zegoen Khameneiren hitzaldia entzuten, eta milaka herritarrek AEBren eta Israelen aurkako oihuak bota dituzte hainbat aldiz. Irango lider gorenak salatu du estatubatuarrek "gerra, sedizioa eta suntsipena" ekarri zituztela Ekialde Erdikora. "Ez dugu onartzen Ameriketako Estatu Batuak hemen egotea", berretsi du Khameinik. Horren esanetan, jendeak argi izan behar du etsaiak Washington eta Tel Aviv direla.
Bi baseren aurkako misilak
"Soleimani Martiriaren Operazioa" izenpean, Guardia Iraultzaileak dozenaka misil balistiko jaurti ditu Al Anbar probintzian dagoen Al Asad aire-basearen aurka (Irakeko mendebaldean dago hori), eta erasoa mendekuaren "lehen urratsa" besterik ez dela izan ohartarazi du. Pentagonoaren arabera, baina, bi baseri eraso diete: Al Asadi eta Arbil probintzian dagoen beste bati. Bietan daude AEBko tropak, eta kalteak aztertzen direla esan dute.
Irandarren lider gorenak Soleimani jenerala goraipatu du. Khameneiren esanetan, "ausarta" eta "borrokalari eta iraultzaile handia" izan da, eta Iraultza Islamiarrarekin eta Ruhola Khomeini aiatolarekin zuen konpromisoa nabarmentzeko modukoa zen.
Netanyahuk AEBren babesa berretsi du eta erasoei 'gogor' erantzungo diela adierazi du
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroaren hitzetan, erasotzen badiote, bere herrialdeak "gogor" erantzungo du, eta Qasem Soleimani komandante irandarra hiltzeagatik zoriondu du AEBko Gobernua.
"Qasem Soleimani errugabeen heriotzen erantzule izan da. Ezegonkortasuna eraman du herrialde askotara. Hamarkada askotan, beldurra, miseria eta mina zabaldu ditu, eta egoera are gehiago okertzeko asmoa zuen", adierazi du gaur Netanyahuk Jerusalemen, Menachem Begin zentroan.
"Donald Trump presidente estatubatuarra zoriontzen dut, Ekialde Hurbilean, Iranen eta munduan sarraski eta terrorismo kanpaina bat bultzatu zuen artxiterroristaren aurka azkar, zalantzarik gabe eta ausardiaz jokatzeagatik. Oso garrantzitsua da esatea Israel AEBren ondoan dagoela. (...) eta Israelek ez du Ameriketako Estatu Batuak baino lagun hoberik", gaineratu du.
Apiriletik blokeo politikoan murgilduta, hauteskundeei egingo die aurre Netanyahuk martxoan, eta ohartarazi du "eskualdeko tentsioak" eta "muturrekoen eta moderatuen arteko borroka" bere horretan jarraitzen dutela.
Alde batetik, "Iran buru duen Islam erradikala dago, izu hiltzailearen bidez eskualdeko zati handiak harrapatu nahi duena" eta Israel "mehatxatzen, itotzen eta suntsitzen" saiatzen dena, "herrialde hau mendebaldeko kulturan indartsuena dela ulertu baitu", eta, bestetik, "sektore pragmatikoa dago, muturreko islamisten mehatxupean, bizirik irautearen alde egiten duena".
"Israelek tinko, irmo eta indartsu jarraituko du bere etsaien aurrean, eta erasotzen saiatzen den orok kolpe gogorra jasoko du", gaineratu du.