Mundua -

Gatazka

AEBk Iraken dituen Al Asad eta Arbil base militarrei eraso die Iranek

Soleimaniren hilketari erantzunez, dozena bat misil jaurti ditu Teheranek. Pentagonoak erasoa baieztatu du, eta inguruan dauden estatubatuarrak babesteko beharrezko neurriak hartuko ditu.

AEBk Irakeko Al Asad eta Arbil probintzietan dituen base militarrei eraso die Iranek. Argazkia: EFE
AEBk Irakeko Al Asad eta Arbil probintzietan dituen base militarrei eraso die Iranek
AEBk Irakeko Al Asad eta Arbil probintzietan dituen base militarrei eraso die Iranek. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) tropak dauden Irakeko Al Asad eta Arbil base militarrei eraso die asteazken goizaldean Iranek, Qasem Soleimani jeneral irandarraren hilketari erantzunez. AEBk Bagdadeko aireportuan egindako eraso batean hil zuen azken hamarkadetako Irango buruzagi militar boteretsuena.

Irango Guardia Iraultzaileak bere gain hartu du hainbat misilekin egindako erasoa, eta, aldi berean, "mugimendu edo eraso" gehiago izanez gero "erantzun mingarriago eta gogorragoak" izango direla ohartarazi dio AEBri.

"Satan Handiari", alegia, "AEBko Gobernu odolzale eta harroputzari" egindako ohartarazpena, herrialde horren "aliatu guztiei" ere egin diete, Tasnim albiste-agentziak zabaldu duenez.

Ildo horretatik, Irango Guardia Iraultzaileak gaineratu du ez dutela uste "Israelgo erregimen sionista AEBko erregimen kriminaletik bananduta dagoenik".

Mohamad Javad Zarif Irango Kanpo ministroak ere eraso horren inguruan hitz egin du, eta "autodefentsarako neurritzat" jo du.

Testuinguru horretan, Pentagonoak "dozena bat misilekin" egindako erasoa baieztatu du, eta inguruan dauden estatubatuarrak babesteko beharrezko neurriak hartu ditu. Jonathan Hoffman AEBko Defentsa Departamentuko bozeramaileak zabaldutako ohar baten arabera, "argi dago misilak Irandik jaurti dituztela".

Dena dela, Pentagonoaren esanetan, Defentsa Departamentuak "neurri egoki guztiak" hartu ditu bere langileak babesteko, eta "alerta gorenean" egon dira, Soleimaniren heriotzari erantzunez Teheranek Washingtoni eraso egin nahi ziola ziurtatu zuenetik.

Halaber, eraso horren ondorioak aztertu ostean, inguruan dauden AEBko langileak babesteko "beharrezko neurri guztiak" hartuko dituztela azaldu du Pentagonoak.

"Dena ondo dago", esan du Trumpek

Bestalde, "dena ondo dago" esan du Donald Trump AEBko presidenteak, eta orain "biktimen eta kalteen ebaluazioa" egiten ari direla jakinarazi du. "Momentuz, dena ondo!", azpimarratu du Twitter bidez zabaldutako mezu batean.

Aldi berean, "AEBk munduko edozein tokitan armadarik boteretsuena eta ongi prestatua du", adierazi du Trumpek. Ildo horretan, gaur arratsaldean erasoari buruz hitz egiteko agerraldia egingo duela baieztatu du.

Lehen urratsa dela esan du Iranek

Testuinguru horretan, Mohamad Baqeri Irango Indar Armatuen Estatu Nagusiko buruak ohartarazi du AEBk errepresalia ekintzaren bat egiten badu Iranen erantzuna "indartsuagoa eta zapaltzaileagoa" izango dela. Hala, honakoa "Errepublika Islamikoko Indar Armatuen gaitasunen lagin txiki bat baino ez da izan", adierazi du.

Hori dela eta, AEBko agintariak "Iranen gaitasunez jabetu eta bere armada terroristaren indarrak eskualdetik ahalik eta azkarren erretiratzeko unea da", gaineratu du Bagerik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump Asia azken ordukoa Irak gaur