Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Iraketik tropak ateratzea baztertuta, Trumpek elkarrizketa eskaini dio Irani
Donald Trumpen Gobernuak ukatu egin du Iraketik tropak berehala ateratzeko asmoa, eta Irani baldintzarik gabeko elkarrizketarako eskua luzatu dio orain, tentsioa baretzeko asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak esan du ez duela inolako asmorik bere tropak Iraketik orain erretiratzeko. Halaber, Mark Esper Defentsako ministroak baldintzarik gabeko elkarrizketa abiatzea eskaini dio Irani, tentsioa baretzeko.
"Egunen batean Iraketik erretiratzea da gure asmoa, baina orain ez da unerik egokiena", adierazi du Trumpek kazetarien aurrean egindako agerraldian.
"Iraki orain gerta dakiokeen okerrena litzateke. Iranek indar handiago izango luke eta irakiarrek ez dute horrelakorik nahi", erantsi du.
Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, AEBko Armadako jeneral batek Irakeko Gobernuari gutuna igorri dio herrialde horretatik tropak erretiratuko dituztela jakinaraziz. Informazio horrek nahasmen handia eragin du eta Trumpek polemikari amaiera eman nahi izan dio halakorik egingo ez dutela aginduz.
Horrez gain, Trumpek atzera egin du eta Irango monumentu historikoen kontrako erasorik aginduko ez duela ziurtatu du.
Nazioarteko legediaren arabera, gatazka armatuetan ondare historikoei eraso egitea galarazita dago. "Legeak hori badio, nik legea beteko dut. Baina ez ahaztu, eurek gure jendea hiltzen dute", adierazi du.
Hala ere, Iranek eraso eginez gero, AEBak "erantzuteko prest" daudela azpimarratu du.
Bestalde, Trumpek esan du Etxe Zuriak asteazken honetan jakinaraziko dituela Qasem Soleimani jenerala prestatzen ari omen zen erasoak zeintzuk ziren.