Mundua -

Gatazka

Iraketik tropak ateratzeko aukeraren inguruan mezu kontraesankorrak bidali ditu AEBk

Iraken dauden indar estatubatuarren etorkizuna airean dago, joan den astean Qasem Soleimani komandante boteretsua hil ostean, Bagdadeko aireportuan drone batekin egindako eraso batean.

AEBko tropak, Iraken. Argazkia: EFE
AEBko tropak, Iraken.
AEBko tropak, Iraken. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Iraken dituen tropak lekualdatzeko aukerari buruzko mezu kontraesankorrak bidali ditu astelehen honetan. Izan ere, nazioarteko koalizioko komandante batek soldadu estatubatuarrak herrialde arabiarrean birkokatuko dituztela jakinarazi zuen arren, ez dituztela inguruan dituzten tropak Iraketik aterako ziurtatu zuen geroago Pentagonoak.

Zehazki, Irakeko Lan Taldeko komandante den William H. Seely III brigadako jeneralak Irakeko Defentsa Ministerioari igorritako gutun baten harira sortu zen tropa estatubatuarren inguruko nahasmena. Tokiko hedabideek zabaldutako idatzi horretan, tropak lekualdatuko zituztela iragartzen zuen, arrazoia azaldu gabe.

Handik denbora gutxira, Mark Esper AEBko Defentsa idazkariak aukera hori baztertu zuen, Washingtonen egindako agerraldian: "Ez dugu Iraketik alde egiteko asmorik". Pentagonoan aldez aurretik iragarri gabeko agerraldian, Esperrek adierazi zuen gaur egungo egoeran gutun hori "inkoherentea" dela.

Bestalde, Alyssa Farah Pentagonoko prentsa idazkariak Twitter bidez zehaztu zuen AEBko politikan ez dutela inolako aldaketarik egin Iraken dituzten tropen inguruan. Ildo horretatik, Washingtonek nazioarteko koalizioarekin duen konpromisoa beteko duela berretsi zuen, Irakeko herriarentzat etorkizun "segurua" eta "oparoa" lortzeko.

Iraken dauden indar estatubatuarren etorkizuna airean dago, joan den astean Qasem Soleimani Al Quds indarreko komandante boteretsua hil ostean, Bagdadeko aireportuan drone batekin egindako eraso batean. Ekintza horrek handitu egin du Washington eta Bagdaden arteko tentsioa.

Irakeko Parlamentuak igandean onartutako erabakiari jarraiki, nazioarteko tropak Iraketik erretiratzeko deia egin zuen atzo Adel Abdelmahdi Irakeko lehen ministro dimisionarioak, Matthew Tueller AEBk Bagdaden duen enbaxadorearekin izandako bileran, eta hori lortzeko elkarrekin lan egiteko eskatu zuen.

Demokratek Trumpen agintea mugatu nahi dute

Soleimaniren heriotzagatik Iranek mendeku hartzeko egindako mehatxuak oraindik entzuten diren bitartean, Trumpek etxean egin behar die aurre oposizio demokrataren kritikei, presidentearen "ekintza militarrak mugatzeko" bozkatuko duela iragarri baitzuen.

Halaber, Administrazioak Soleimaniren aurkako erasoa Kongresuari galdetu gabe eta Konstituzioak ematen dituen "gerra botereekiko errespeturik gabe" gauzatu duelako "kezka" agertu zuen Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi demokratak.

Ebazpena laster bozkatuko dute, eta "botere legegilearen gainbegiratze erantzukizunak berresten ditu, Kongresuak neurririk hartu ezean, Administrazioak Iranekin dituen liskar militarrak 30 egunen buruan bertan behera uzteko eskatzen baitu".

Ildo horretatik, Chris Murphy senatari demokratak, Goi Ganberako Kanpo Gaietarako Batzordeko kideak, esan zuen Trump "berak bakarrik bultzatutako gerra baterantz" zuzentzen ari dela, alegia, bere ekintzek eragindako gerra baterantz. "Milaka estatubatuarren heriotza eragingo du gerra horrek. Kongresuak geldiarazi egin behar du", erantsi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Iran Donald Trump Asia albisteak Irak Ekialde Hurbila gaur Siria albisteak gaur