Mundua -
Ekialde Hurbila
Atzerriko tropak herrialdetik botatzea onartu du Irakeko Parlamentuak
AEBen erasoaren ostean, Irakeko Parlamentuak NBEren aurrean presazko kexa bat aurkeztea eta Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko egindako laguntza eskaera bertan behera uztea eskatu dio Gobernuari.
Agentziak | Erredakzioa
Irakeko Parlamentuak atzerriko tropak herrialdetik botatzea eskatu dio Gobernuari, Abdel Abdelmahdi lehen ministroak eskatu ostean, Estatu Batuek Irango Quds Indar elite taldeko komandante Qasem Soleimani eta Irakeko milizia xiiten buru Abu Mahdi al-Muhandis hil eta egun batzuen ondoren.
Parlamentuan onartutako mozioan, Exekutiboari "atzerriko edozein indar herrialdean egon ez dadin" lan egitea eskatzen zaio.
Era berean, testuak "Estatu Islamikoaren kontra borrokatzeko nazioarteko koalizioari egindako eskaera" bertan behera utz dezan eskatzen dio Gobernuari, islamisten aurkako operazio militarrak bukatu egin direla uste dutelako.
Gobernuari, gainera, NBEren eta Segurtasun Kontseiluaren aurrean premiazko kexa bat aurkeztea eskatu diote, Estatu Batuaren kontra protesta egiteko, "Iraken soberania eta segurtasuna urratzeagatik".
"Estatu Batuen bonbardaketaren nondik norakoak ezagutzeko ogi mailako ikerketa bat" abiatzea eskatu diote Exekutiboari, eta "zazpi eguneko epean emaitzez informatzea Parlamentuan".
329 diputatuetatik 168 egon dira Ganberan, alderdi kurduak eta sunniak ez direlako joan.
Bestalde, Washington buru den nazioarteko koalizioak Irakeko tropak laguntzeko eta entrenatzeko aktibitate guztiak bertan behera utziko dituela iragarri du, indar guztiak herrialde horretan dituen baseak babesteari bideratzeko asmoz.
Irakeko armadarekin eta milizia xiitekin batera Estatu Batuen aurka borrokatu duten tropa estatubatuarrak herrialdean daude oraindik.
Milizia xiita horietako presidenteordea hil dute AEBek, Soleimani eta beste irakiar eta iraniarrekin batera.
Hilketaren gaitzespena eskatu du Iranek
Hasan Rohani Irango presidenteak eskualdeko herrialde guztiei eskatu die Soleimani jeneralaren hilketa gaitzestea.
"Aurrekaririk gabeko krimena" salatu du Rohanik. Horregatik, Iranek lagun dituen herrialde guztiek aho batez ekintza hori arbuiatzea espero du.
Estatu Batuak "ez direla fidagarriak" azpimarratu du presidenteak, eta gogorarazi du "Iranek ez duela inoiz AEBen kontrako eraso edo tentsio ekintzarik hasi", eta beti estatubatuarren ekintzei erantzun diela.
NATOren bilera
Jens Stoltenberg NATOko idazkari orokorrak presazko bilera bat deitu du astelehenerako Aliantzako enbaxadoreen artean, AEBen erasoarekin irekitako krisia eztabaidatzeko.