Mundua -
Gatazka
Soleimaniren hilketak tentsioa areagotuko duen beldur dira nazioarteko agintariak
AEBen erasoak Ekialde Erdiko "egoera nabarmen nahasi" dezakeela ohartarazi dute Frantziak eta Errusiak. "Munduak ezin du Persiar golkoan beste gerra bat onartu", adierazi du NBEk.
Agentzia | Erredakzioa
Qasem Soleimani Irango Quds indarren komandante boteretsuaren hilketak kezka eragin du nazioartean. Ekialde Erdian ondorio kaskarrak izan ditzakeela uste dute, eta tentsioa areagotuko duen beldur dira.
"Munduak ezin du Persiar golkoan beste gerra bat onartu", adierazi du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak. Horregatik, tentsioak behera egitea eskatu du. "Munduko buruzagiek hitzak neurtzeko unea da", azpimarratu du Guterresek.
Ali Jamenei Irango buruzagiak eta Hasan Nasrala Hezbollah talde xiitako agintariak mendekua hartuko dutela agindu dute. Yemengo matxino hutiek "erantzun azkar eta zuzen" bat emango dutela iragarri dute. Guzti horregatik, gertatutakoak eta balizko ondorioek nazioartea kezkatzen dute.
Horrela, AEBen erasoak Ekialde Erdiko "egoera nabarmen nahasi" dezakeela ohartarazi dute Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak.
Aldez aurretik, Moskuk pauso bat haratago eman du. Erasoa "pauso abenturazale bat da, eta eskualde osoan tentsioa areagotuko du", adierazi du. "Ez dute mailarik eman" eta "hilketak ondorio oso negatiboak izango ditu nazioarteko segurtasun sistema osoan", erantsi du Kremlinak. Soleimanik Estatu Islamikoaren aurka borroka egiteko agindua eman zuen, Washingtonek terrorismo jihadistaren aurkako nazioarteko koalizioa osatu baino askoz lehenago, gogorarazi duenez.
Bestalde, tentsioa murriztea eskatu die Erresuma Batuak "alde guztiei", "gatazka handiago bat nahi ez dugulako". "Egonkortasuna bermatzeko esfortzurik ez da gorde behar", nabarmendu du Italiak. "Tentsio gune berririk ez du inork nahi eta terrorismoarentzat zein estremismoarentzat toki bihurtu daitezke", ohartarazi du Erromak.
Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak kosta ala kosta Iraken indarkeriaren gorakada bat saihestea eskatu du. Horregatik, probokazioekin eta errepresaliekin amaitzea eskatu du Europar Batasuneko buruzagiak.
Bitartean, Ekialde Erdiko agintarien erantzunak oso ezberdinak izan dira: Libanok eta Siriak erasoa gaitzetsi dute, baina Israelek AEBi babesa adierazi die. Herrialde suniek, ostera, minutu bateko isilunea gorde edo adierazpenak eta ekintzak neurtzea eskatu dute.