Mundua -
Suteak
Bi hildako, desagertutako bost pertsona eta beste milaka lagun harrapatuta Australian
Hegoaldeko Gales Berria izan da lurralde zigortuena suteengatik azken egunetan. Estatu horretan hil diren lagunen kopurua 11ra igo da, 12 Australia guztian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi lagun hil dira, bost desagertuta daude eta milaka pertsona harrapatuta daude gaur, asteartea, Australia jipoitzen jarraitzen duten suteen ondorioz. Uhartearen hego-ekialdearen egoera geroz eta okerragoa da, azken hamarkadetako sute krisi larrienetarikoa.
Daniel Andrews, Victoriako gobernuburuak, desagertutako lau lagunen egoeragatik larrituta daudela onartu du. Desagertuak, suteen hainbat foku aurkitzen diren guneetan omen zeuden. Zonalde berdinean suteek "ondasun, ganadu, itxitura eta estalpeetan kalte larriak" eragin dituztela gehitu du agintariak.
East Gippsland da kalte handienak jasan dituen herria. Hegoaldeko Gales Berriarekin mugan dago eta bertan aurkitzen da Mallacoota herria, non 4.000 lagun inguru suteetatik babestu behar izan diren bertako hondartza eta kaian.
Andrewsek, Mallacootakoaren moduko zenbait komunitate, itsasoz ebakuatzeko aukera aintzat hartzen ari direla esan du. Lurraldea keak eta zeru gorriak estalita dago sare sozialetan ikus daitezkeen argazkietan.
Victoriako suhiltzaileen buru den Steve Warringtonek, haizearen norbide aldaketak, Mallacootan eta Corryngen, egoerak hobera egitea ekarri duela adierazi duen arren, arriskua oraindik handia dela argitu du.
Azken egun hautan egoerak okerrera egin du Victorian astelehenean 260 foku berri deklaratu ziren eta astearte goizaldean beste 61 aurkitu dira, Victoria Barnealdeko Suteen aurkako Autoritateko ordezkari batek Eferi adierazi dionez.
Hegoaldeko Gales Berriko estatua da krisiak gogorren astindu duen lurraldea eta ehunka jabetza suntsitu dira han, suteen ondorioz.
Desagertutako lagunen artean "hildako potentzialak" egon daitezkeela onartu du Shane Fitzmmonsek, Landa Eremuko Zerbitzuko Suhiltzaileen komisioko kideak. Ez dute zehaztu desagertutakoak bertako biztanleak diren edo suhiltzaileak diren.
Cobargoko bi heriotzek 11ra igotzen dute Hegoaldeko Gales Berrian suteen ondorioz hil diren pertsonen kopurua, uztailetik Australia osoan 12 dira hildakoak.
Suteak udara aurretik hasi ziren (Australlian abenduan hasten da) eta euri gutxi espero da martxoaren 21a arte.