Mundua -
Txina
Hiru urteko espetxe zigorra enbrioiak genetikoki aldatu zituen zientzialariri
Hiru urteko kartzela zigorra eta hiru milioi yuaneko (384.000 euro) isuna He Jiankuirentzat. Zientzialariaren esperimentuetatik genetikoki aldatutako hiru haur jaio ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2018 urte bukaeran egin zen famatu He Jiankui zientzialari txinatarra. Genetikoki aldatuta, GIBa jasan zezaketen haurrak sortu zituela baieztatu zuen orduan, eta gaur, hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote.
Xinhua berrien agentzia estatalak artikulu batean jakitera eman duenez, He Jiankuik hiru milioi yuaneko (384.000 euro) isuna ere ordaindu beharko du. Shenzheneko (hego-ekialdea) epaitegi batek erruduntzat jo du zientzialaria, ugalketa helburu, legez kanpo enbrioiak genetikoki aldatzeagatik.
Artikuluak ez du xehetasun handirik sententzia eta zientzialariaren defentsaren inguruan, baina, esperimentutik genetikoki aldatutako hiru haur jaio zirela baieztatzen du.
Lehengo urteko azaroan, He Jiankuik harridura sortu zuen nazioartean: GIBa jasan zezaketen lehen bikiak sortzea lortu zuela baieztatu zuen. Genetikoki aldatutako haurren kasuak kritika ugari sortu zituen.
Aurretiazko ikerketa baten ostean, Txinako autoritateek He Jiankuik ikerketa legez kanpo eta ospe pertsonala zein irabazi ekonomikoak lortzeko egin zuela ziurtatu dute.
"Umekiei edizio genetikoak egiteko ikuskapenak ekidin, dirua bildu eta ikertzaileak antolatu zituen ugalketa helburutzat hartuta eta Txinan debekatua dago" gaineratu dute autoritateek.
2018ko azaroan egin zuen bere azken agerraldi publikoa, Hong Kongeko Unibertsitatean emandako konferentzia batean. Harro agertu zen edizio genetikorako CRISPR/Cas9 teknika erabiliz egindako lorpenengatik. Argi utzi zuen helburua ez zela gaixotasun genetikoekin amaitzea, baizik eta haurrei etorkizunean gerta zitekeen GIB infekzio bati aurre egiteko "gaitasun naturalak ematea".
He Jiankuiren agerraldiaren ostean, Txinako 120 zientzialari baina gehiagok adierazpen bateratu bat egin zuten. Adituek argi utzi zuten edizio genetiko bidez giza-enbrioietan edozein aldaketa egitea "erokeria" bat zela eta haur horiek erditzeak "sekulako arriskua" zuela.