Mundua -
Gerrako krimenak
Nazioarteko Justizia Auzitegiko fiskalak Palestinan ikerketa abiatzea eskatu du
Palestinak Hagako fiskalaren erabakia "positibotzat" jo du. Netanyahuk, ostera, fiskalaren erabakia "amorragarria eta okerra" dela uste du.
Agentziak | Erredakzioa
Fatou Bensouda Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiko fiskalak Palestinan ustezko gerra krimenengatik ikerketa abiatzea eskatu du ostiral honetan, auzitegiak ohar batean jakitera eman duenez.
"Ikerketa bat abiatzeko nahikoa arrazoi daude", adierazi du Bensoudak. Horregatik, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem eta Gazako Zerrendako epaileei ikertzeko eskatu die.
Itzuleraren Martxetan Israelek izandako jokabidea ikertzea eskatu diote Palestinako agintariek Hagari behin baino gehiagotan. Protestak 2018an hasi ziren. 273 palestinar baino gehiago hil eta 16.000 pertsona baino gehiago zauritu dituzte Itzuleraren Martxetan.
Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak fiskalaren erabakia "positiboa" dela uste du.
Ikerketa bat abiatzeko beste pauso bat dela azpimarratu du agintariak. Erekaten hitzetan, ikerketa batek "egileen inpunitatearekin amaitu dezake". "Itxaropen mezu bat" dela adierazi du. "Justizia posible da", erantsi duenez.
Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroak, aldiz, fiskalaren erabakia "amorragarria eta okerra" dela uste du. Nazioarteko Justizia Auzitegiak okupatutako lurraldeetan eskumenik ez duela gaineratu du Netanyahuk; izan ere, eskumen hori Estatu burujabeei aplikatzen zaie soilik eta "Estatu palestinarra ez da sekula burujabe izan".