Mundua -
Erresuma Batua
Eskoziak beste erreferendum bat eskatuko dio Londresi, aste honen amaieran
Alabaina, hauteskundeen ostean telefono bidez egindako elkarrizketa batean, Johnsonek Sturgeoni adierazi zion ez duela bigarren erreferendum bat negoziatuko.
Agentziak | Erredakzioa
Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak independentziari buruzko bigarren erreferendum bat egiteko eskaera egingo dio aste honetan Gobernu britainiarrari. Hala, datozen egunetan Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroari "proposamen demokratiko bat" egingo diola jakinarazi du.
Eskoziako Parlamentuaren aurrean egindako hitzaldi batean, Sturgeonek nabarmendu du Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) emaitza oparoak jaso zituela Erresuma Batuko hauteskundeetan, eta, Erresuma Batuan kontserbadoreek gehiengo osoa lortu bazuten ere, Eskozian, haiek izan ziren babes gehiena lortu zutenak. Bere iritziz, eskoziarrek haien etorkizuna erabaki nahi dutela erakusten du horrek, "Erresuma Batuko gainerako zonaldearekin alderatuta, emaitza oso ezberdina baita".
"Arrazoi horregatik, eta Erresuma Batuan errepikatu berri diren hauteskunde orokorren harira, legea beteko duen independentzia-erreferendum bat ahalbidetzeko Westminsterrek Parlamentu honetara beharrezko boterea transferitzeko proposamen demokratiko zehatza egingo dut aste honetan bertan", jakinarazi du Sturgeonek.
Bozetan, Eskoziako Alderdi Nazionalistak eskualde horretarako gordetako 59 eserlekuetatik 47 lortu zituen, eta, horrenbestez, aurreko hauteskundeetan baino 13 ordezkari gehiago lortu zituen Erresuma Batuko Komunen Ganberan, hirugarren indarra bihurtuz.
Alderdi horrek, independentziari buruzko beste plebiszitu bat egiteko proposamenaren berme gisa hartu ditu emaitzak, baita eskoziarrek Europar Batasunetik alde egin nahi ez izatearen froga gisa ere. Alabaina, ez dago zalantzarik brexit-a datorren urtean burutuko dela, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren alderdiak gehiengo zabala lortu baitzuen.
Hauteskundeen ostean telefono bidez egindako elkarrizketa batean, Johnsonek Sturgeoni adierazi zion ez duela bigarren erreferendum bat negoziatuko, argudiatuz 2014an galdeketa lotesle bat egin zela eta herritarren % 55ek uko egin ziola Erresuma Batutik banatzeari.