Mundua -
Garaipena hauteskundeetan
'Brexit'aren eztabaida alde batera uzteko eta 'zauriak ixteko' deia egin du Johnsonek
"Bost asteko kanpainaren ostean, herrialde honek merezi du 'brexit'ari buruzko etengabeko elkarrizketatik, politikatik eta borrokatik ateratzea", adierazi du lehen ministroak Downing Streeten.
agentziak | erredakzioa
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak britainiarren elkartasunerako deia egin du hauteskundeen ostean, kontserbadoreek Komunen Ganberan gehiengo osoa lortu eta gero, eta 'brexit'ari buruzko hiru urteko etengabeko eztabaida atzean uzteko eta "zauriak ixten hasteko" deia egin du.
Johnsonek agerraldia egin du Downing Streeten Isabel II.a erreginarekin batzartu ondotik, eta gogorarazi du azken hiru urte eta erdian "geroz eta eztabaida latzagoak" izan dituztela Europar Batasunetik ateratzeko prozesuaren inguruan, baina etapa berri bat ireki nahi duela Erresuma Batuarentzat.
"Bost asteko kanpaina amaituta, herrialde honek merezi du 'brexit'ari buruzko etengabeko elkarrizketatik, politikatik eta borrokatik ateratzea", adierazi du lehen ministroak.
Gobernua datorren astelehenean aurkeztuko duela espero da, eta BBCk aurreratu du aldaketa gutxi izango direla eta EBtik ateratzeko akordioa onartzen saiatuko direla lehenbailehen. Hala, ostiralerako espero da bozketa hori, eta Gobernuak gehiengo osoa baliatuko du.
Johnsonek hitzeman du Alderdi Kontserbadorea babestu ez dutenak ere aintzat hartuko dituela, "Europako beste herrialde batzuekiko sinpatia" dutenk eta 'brexit'aren aurka agertu direnak.
Gobernuaren "erabateko lehentasuna" osasun sistema publikoa izango omen da, kanpainan azpimarratu nahi izan duen "ideia sinple eta zoragarria", baina 2020ko urtarrilaren 31n 'brexit'a burura eramateko helburuak bigarren mailan utzi duena.