Mundua -

Erresuma Batua

Boris Johnsonek 'brexit'a gauzatzeko gehiengo osoa lortu du Erresuma Batuan

Alderdi Kontserbadoreak garaipen argia erdietsi du Jeremy Corbynen Alderdi Laboristaren aurrean. Eskozian, Eskoziako Alderdi Nazionalistak ere babes handia bereganatu du.

Boris Johnson, pozik, hauteskunde-gauean. Argazkia: EFE.
Boris Johnson, pozik, hauteskunde-gauean. Argazkia: EFE.
Boris Johnson, pozik, hauteskunde-gauean. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson lehen ministro britainiarraren Alderdi Kontserbadoreak brexita gauzatu ahal izateko nahi zuen gehiengo osoa bereganatu du, Erresuma Batuan ostegunean egindako hauteskunde orokorren zenbaketa ofizialaren arabera. Jeremy Corbynen Alderdi Laboristak, aldiz, aurkako emaitza izan du, eta Eskozian Eskoziako Alderdi Nazionalistak gehiengo zabala jaso du. Hala, Europar Batasunak brexitaren gaineko bozketa "ahalik eta lasterren" egitea eskatu dio Parlamentu britainiarrari.

Westminsterreko Parlamentuaren Komunen Ganberako 650 aulkietatik bat bakarrik zenbatu gabe egonik, Alderdi Kontserbadoreak 365 aulki lortu ditu, hau da, 2017ko hauteskundeetan baino 48 gehiago. Alderdi Laboristak 203 ditu (59 galduta), eta Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) 48. Alderdi Liberal Demokratak 11 bereganatu ditu, era gainerakoa beste alderdi batzuen artean banatu dute. Nicola Sturgeonen SNP da, hortaz, kontserbadoreekin batera hauteskunde hauetako irabazle nagusia; izan ere, Eskoziak Parlamentuan dituen 59 aulkietatik 52 ere lor litzake alderdi horrek.

Gobernu britainiarraren buruak nabarmendu duenez, bere alderdiak lortutako garaipen honek Erresuma Batuko herritarrek Europar Batasunetik alde egiteko duten "nahia errespetatzea" ekarriko du.

Uxbridge & Ruislip North Ingalaterrako barrutiko bere aulkiari eutsita, Johnsonek adierazi du kontserbadoreek "Erresuma Batua zuzendu eta batzeko agindu sendoa" jaso dutela. Berretsi duenez, gaur bertan hasiko da lanean, "herritarren lehentasunekin; besteak beste, Osasunean eta Hezkuntzan".

Johnson uztailetik da Alderdi Kontserbadorearen liderra. Kanpainan, batez ere, brexita izan du hizpide, eta azpimarratu du garrantzitsua dela zehaztutako egutegia betetzea, hau da, 2020ko urtarrilaren 31n gauzatzea irteera hori.

Corbyn ez da berriro hautagaia izango, eta ez du baztertu dimisioa ematea

Hauteslekuan egindako inkesta argitaratuta, Jeremy Corbyn lider laboristak ez du baztertu dimisioa ematea, eta iragarri du ondorengo hauteskundeetan ez dela berriro  bere alderdiko hautagaia izango.

"Zalantzarik gabe, gau etsigarria da hau Alderdi Laboristarentzat", deitoratu du Corbynek hautesleen aurrean. "Ondorengo hauteskunde-kanpainetan, ez naiz berriro izango alderdiaren liderra", iragarri du. Parlamentuan duen aulkiari eustea lortu du, hori bai.

Corbynek "hausnarketa-prozesua" gainbegiratzea hitzeman du, izandako emaitza txarrei konponbidea eman ahal izateko. Konponbide hori zehaztu arte, alderdiaren liderra izaten jarraituko du, 'The Guardian' egunkariak jaso duenez.

BIDEOA | Corbynek iragarri du ez dituela laboristak gidatuko hurrengo hauteskundeetan

Corbynek iragarri du ez dituela laboristak gidatuko hurrengo hauteskundeeta
Corbynek iragarri du ez dituela laboristak gidatuko hurrengo hauteskundeeta
Corbynek iragarri du ez dituela laboristak gidatuko hurrengo hauteskundeeta

0:20

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Albisteak Eskozia Zer ari da gertatzen Europan? Erresuma Batua argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Irlanda albisteak Ingalaterra albisteak Boris Johnson