Mundua -
Argentina
Alberto Fernandezek Argentinaren batasuna eskatu du, krisia gainditzeko
Alberto Fernandezek arratsaldean hartu du Argentinako presidente kargua. Cristina Fernandez izango da presidenteordea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alberto Fernandez Argentinako presidente berriak esan du krisi ekonomikoa gainditzea eta herritarren ongizatea bermatzea izango direla bere lehentasunak, baina, horretarako denak batuta egotea ezinbestekoa izango dela azpimarratu du.
Alberto Fernandezek astearte honetan egin du presidente karguaren zina Kongresuan egindako inbestidura saioan. Cristina Fernandez izango da presidenteordea.
Mauricio Macrik utzitako lekua hartuta, testuinguru sozioekonomiko larriari egin beharko dio aurre Fernandezek: zor publiko tasa altua, moneta nazionala ahula, prezioaren etengabeko inflazioa, langabeziaren hazkundea, pobrezia mailaren gorakada…
“Argentinar guztion batasuna aldarrikatu nahi dut, gizarte kontratu berri eta solidario bat eraikitzeko asmoz”, adierazi du kargua hartu ostean.
“Ezberdinen arteko besarkada eta elkartasuna ezinbestekoak dira larrialdi egoera honetan”, erantsi du.
“Argentina zutik jarri behar dugu, urratsak duintasunez ematen hasi behar gara, justizia soziala eta galdutako oreka soziala, ekonomikoa eta produktiboa berreskuratzeko”, azaldu du.
Fernandezek aitortu du “zauri handiak” daudela, baina zauri horiek ixten hasteko deia egin du. “Inork ez dezala nirekin kontatu zauri horietan eragiteko”, ohartarazi du.
Bestalde, Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Kontseilua eratuko duela iragarri du, “datozen hamarkadetan indarrean jarri beharko politikak adosteko”.
Krisiaren ondorioei aurre egiteko asmoz, Gosearen aurkako Argentinaren Plana martxan jarriko duela jakinarazi du, eta foro horretan Gobernuak nahiz gizarte eragileetako ordezkariek parte hartuko dutela zehaztu du.
Horrez gain, Macriren Gobernuak 2020rako landutako aurrekontuaren eztabaida geldiarazi egingo duela esan du, proiektu horretan aipatzen diren datuak zuzenak ez direla argudiatuta.