Mundua -
Zeelanda Berria
Gutxienez bost hildako eta 31 zauritu Zeelanda Berrian, sumendi baten erupzioagatik
White Island uharteko Whakaari sumendia Ipar Uhartetik 48 kilometrora dago hori, ekialdera. Gainera, hainbat desagertu daude.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bost pertsona hil dira astelehen honetan Zeelanda Berrian, Whakaari sumendiaren erupzioaren ondorioz. Zeelanda Berriaren ipar-ekialdeko White Island uhartean dago sumendia, Ipar Uhartetik 48 kilometro ekialdera. Erupzioaren ondorioz, 31 bat lagun zauritu eta zortzi desagertu dira. 50 bat turista omen zeuden bertan erupzioa gertatu denean.
Erupzioa Zeelanda Berrian astelehen arratsaldeko lehen ordua zenean (goizeko lehen ordua Euskal Herrian) gertatu da, ezustean, eta sumendiak harriak eta errautsak bota ditu zerura.
"Une honetan, oso arriskutsua da Poliziarentzat eta erreskate-taldeetako kideentzat uhartera joatea; bertan, errautsa eta sumendi-materiala daude; badakigu premiazkoa dela bueltatzea", esan du John Tims Poliziaren Operazio Nazionalen buruordeak.
Timsek baztertu egin du irlan oraindik bizirik dagoen inor egotea, eta 31 ospitaleratu daudela baieztatu du. Guztira 47 pertsona zeuden irlan erupzioa izan den unean.
"Ez da bizitza zantzurik ikusi", adierazi du Timsek, Poliziaren, erreskate zerbitzuen eta Armadaren helikopteroek irlaren ingurua aztertu ostean.
"Lehentasuna pertsonak bilatzen eta erreskatatzen jarraitzea da", adierazi du Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak. Horren arabera, zaurituetako askok erredurak dituzte.
Ardernek azaldu duenez, zaurituen artean Zeelanda Berriko herritarrak badaude, baina baita turista australiarrak, estatubatuarrak, Erresuma Batukoak, Txinakoak eta Malaysiakoak, New Zealand Herald-en agertzen denez.
Kaltetuetako batzuk kraterretik gertu zeuden, erupzioa hasi baino pixka bat lehenago, sumendian jarrita dagoen kamera batek erakutsi duenez.
Larrialdiei Aurre Egiteko Agentzia Nazionalak alerta deitu du; izan ere, baliteke erupzio gehiago egotea edo lurrikararen bat gertatzea. Agintariek segurtasun-perimetro bat ezarri dute, eta bertan behera utzi dituzte uhartearen inguruko txango guztiak, ontzi turistikoena barne. Urtero 10.000 bat turistak bisitatzen dute White Island.