Mundua -

Labanaz egindako erasoa

Eraso terrorista batek hiru hildako utzi ditu Londresen

Ustezko erasotzailea tirokatu eta hil dutela baieztatu du Erresuma Batuko Poliziak. Erasoak bi hildako eta "zenbait" zauritu utzi ditu.

Larrialdi zerbitzuak erasoaren tokian, Londresen. Argazkia: EFE/EPA/FACUNDO ARRIZABALAGA
Larrialdi zerbitzuak erasoaren tokian, Londresen. Argazkia: EFE/EPA/FACUNDO ARRIZABALAGA
Labanaz egindako eraso terrorista batek hiru hildako utzi ditu Londresen

1:47

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

London Bridge zubitik hurbil gertatu den eraso terroristan ustezko erasotzailea tirokatu eta hil dutela baieztatu du Erresuma Batuko Poliziak. Erasoak bi hildako eta "zenbait" zauritu utzi ditu.

Susmagarria tokian bertan hil egin dute. Soinean zerbait zeraman, baina azkenean lehergailu faltsu bat zela egiaztatu dute, Poliziako buruzagiek azaldu dutenez.

Twitter sare sozialean azaldu dutenez, "Londreseko zubitik gertu labanaz egindako eraso" baten berri izan dute 13:58 aldera. Larrialdi zerbitzuak, Metropoliko Polizia eta Londreseko Polizia berehala bertaratu dira.

"Une honetan, London Bridge zubian gertatutakoa ez dago oraindik batere argi. Hala ere, badaezpada, eraso terrorista bailitzan erantzuten ari gara", azaldu du Scotland Yardek.

Era berean, Scotland Yardek zonaldera ez hurbiltzeko gomendioa eman die herritarrei; "zentzuz" jokatzeko eta gertatutakoaren argazkirik eta bideorik sare sozialetan ez zabaltzeko eskatu du. "Salbu mantentzen lagundu iezaguzue", esan du.

Poliziarem hesia London Bridgen. Argazkia: EFE

Poliziaren hesia London Bridgen. Argazkia: EFE/EPA/FACUNDO ARRIZABALAGA

Londreseko anbulantziak bertan dira "gertakari larria" delako, baina oraingoz ez dute zaurituen inguruko xehetasunik eman.

Lekukoen arabera, oinezkoek erasotzailea azpiratu dute Polizia heldu baino lehen.

Boris Johnson lehen ministroari "gertakariaren" berri eman diote. "Poliziari eta larrialdi zerbitzuei eskerrak eman nahi dizkiet, berehala erantzun dutelako", adierazi du Johnsonek Downing Streeten Twitter kontuan.

Bestalde, Scotland Yardeko buruzagiarekin harreman estuan ari dela ziurtatu du Sadiq Khan Londreseko alkateak. Poliziari jaramon egiteko eskatu die alkateak herritarrei.

London Bridge zubia itxi behar izan dute. Ondorioz, Londreseko Dorrearen parean eta Southwark Bridge Roaden auto-ilarak sortu dira. Horregatik, "beste ibilbide" batzuk erabiltzeko gomendioa eman diete gidariei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Londres Ingalaterra