Mundua -
Mike Pompeoren iragarpena
PAN: 'AEBren adierazpena baliogabea eta legez kanpokoa da, eta bakea mehatxatzen du'
Palestinar Aginte Nazionalaren ustez, AEBk "sinesgarritasun guztia galdu du eta ez du zeresanik bake prozesuan". Palestina Askatzeko Erakundeak 'oihaneko legea' inposatzea egotzi dio Trumpi.
Agentziak
Palestinar Aginte Nazionalak (PAN) eta Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE) gogor kritikatu dute Zisjordaniako kokaleku israeldarrak Nazioarteko Zuzenbidearen araberakoak jotzeko AEBren iragarpena.
Palestinar Aginte Nazionalaren ustez, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) "ez dute eskubiderik, ezta baimenik ere, nazioarteko legezkotasunaren adierazpenak atzera botatzeko. Ez dute eskubiderik kokaleku israeldarrei legitimitatea emateko".
Nabil Abu Rudeina Palestinar Aginte Nazionaleko Presidentetzako bozeramailearen esanetan, Donald Trumpen gobernuak "sinesgarritasun guztia galdu du eta ez du zeresanik bake prozesuan. Rudeinak nabarmendu duenez, Pompeoren adierazpena "baliogabea, baztertua, gaitzetsia eta nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa da".
Hori horrela, munduko gobernuei adierazpenaren kontra azaltzeko eskatu die, "legez kanpokoa" delako eta "nazioarteko bakea eta segurtasuna mehatxatzen" duelako.
Bestalde, Saeb Erekat Palestina Askatzeko Erakundearen (PAE) idazkari nagusiak adierazi duenez, "AEBk ez du jarrera hori munduko beste eremu batzuetan. Beraz, adierazpena erronka bat da nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik, hori ordezkatu eta oihaneko legea inposatu nahi duelako".
Erabaki horrekin, AEB ez da jada gatazkak konpontzeko "nazioarteko aktore bat", Erekaten aburuz.
Buruzagi palestinarrak azaldu duenez, "nazioarteko zuzenbidearen tresna guztiek gaitzesten dute kolonizazioa: Genevako Laugarren Hitzarmenaren 49. artikuluak, adibidez, zibilak okupatutako lurraldeetan bizitzea debekatzen du. Erromako Estatutuak ere gerra krimentzat du lurralde bat militarki kolonizatzea eta Europako Justizia Auzitegiak jarrera hori ukaezina zela ebatzi zuen".
Hori horrela, nazioarteari AEBren erabakiari erantzuteko galdegin dio "nazioarteko egonkortasunarentzat mehatxu bat" delako.
Bi soldadu israeldar Zisjordaniako kokaleku bat zaintzen. Argazkia: EFE
Israelek, aldiz, AEBren jarrera aldaketa txalotu du eta horren babes "iraunkor eta sendoa" eskertu du. Israelgo Atzerri Ministerioaren arabera, hemendik aurrera ez da "gatazkari izango herri juduak Israelgo lurretan duen eskubideari buruz".
Pompeok atzo iragarritakoak 1978tik AEBren Gobernuaren jarrera ofiziala izan dena irauli du. Urte hartan, Jimmy Carter presidente demokratak iragarri zuenez, Israelgo zibilek Palestinako lur okupatuetan jarritako kokalekuek "nazioarteko legedia urratzen zuten".
2012ko datuen arabera, 531 .000 kolono judu bizi ziren Zisjordanian, horietako batzuk Israelek legezkotzat jotako kokalekuetan bizi dira, eta beste batzuk, Israelek berak legez kanpokotzat jotako beste batzuetan. Gaur egungo datuak handiagoak izan litezke.