Mundua -

Zisjordania

AEBren ustez, Israelen asentamenduek ez dute Nazioarteko Zuzenbidea urratzen

Irauli egin dute Obama Administrazioak hartutako norabidea, eta Ronald Reaganen planteamendura itzuli dira. Pompeok elkarrizketarako deia egin die israeldarrei eta palestinarrei.

Pompeo, gaurko agerraldian. Argazkia: Efe
Pompeo, gaurko agerraldian. Argazkia: Efe
Israelek Zisjordanian dituen asentamentuak ez dira legez kanpokoak AEBrentzat

0:55

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariak agerraldia egin du Israelek Zisjordanian dituen asentamenduei buruzko irizpidean iritzi aldaketa bat plazaratzeko, aurrerantzean ez baitituzte Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa gisa hartuko.

"Eztabaida juridikoaren ertz guztiak tentuz aztertu ostean, Administrazio hau ados dago (Ronald) Reagan presidentearekin", eta uste du asentamenduak ez direla, berez, legez kanpokoak, azaldu du. "Israelek Zisjordanian asentamendu zibilak egitea ez da, berez, Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa", nabarmendu du.

Pompeok gogora ekarri duenez, Barak Obamaren Administrazioak NBEren Segurtasun Kontseiluaren 2334. Ebazpena onartzea erabaki zuen 2016ko abenduan, asentamenduak Nazioarteko Zuzenbidearen "urraketa argiak" zirela adierazteko; eta, zentzu horretan, atzera egitera dator gaurko agerraldia.

Estatu idazkariak Israelen kolonien inguruan AEBk izan dituen iritzi aldaketak zerrendatu ditu, eta "hamarkadetan koherentziarik ez" duela izan azpimarratu du. Hala, azaldu du nola Carterren Administrazioak 1978an legez kanpokotzat jo zituen asentamenduak, hiru urte geroago Reaganek atzera egin aurretik.

Pompeok berriro batzartzeko eta negoziazioak abiatzeko deia egin die Israeli eta Palestinari "israeldarren eta palestinarren segurtasuna eta ongizatea areagotuko eta babestuko duen irtenbidea aurkitzeko".

"Egia gordina da gatazkak ez duela sekula irtenbide judizialik edukiko, eta Nazioarteko Zuzenbidean oinarritutako arrazoiei buruzko eztabaidak ez duela bakea ekarriko. Arazo politiko zaila da, eta israeldarren eta palestinarren arteko negoziazioak soilik konpon lezake", azaldu du.

Dena den, agintari estatubatuarrak argi adierazi nahi izan du iragarpenak ez duela zerikusirik asentamendu jakin batekin.

Hori horrela, AEBk ez dute Zisjordaniaren estatusa behar baino lehenago epaitu nahi izan, bi aldeen akordio baten bitartez egin behar delako, Pompeoren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina